Bonbardaketaren erantzuleak auzitegietara eramateko adierazpen instituzionala adostu dute Durangon

Anboto 2016ko abe. 28a, 18:06

Durango 1936 Kultur Elkartearen bidez Argentinako kereilagaz bat egingo dute, eta dagokion epaitegian auzibidea abiatuko dute. Adierazpen instituzionala EAJ, EH Bildu, Herriaren Eskubidea eta PSE-EE alderdiek adostu dute.

Durango 1936 Kultur Elkartearen bidez, Durangoko bonbardaketaren erantzuleak epaitegietara eraman ditzaten  adierazpen instituzionala irakurri dute, gaur arratsaldean, Kurutziagako monolitoaren ondoan. Alde batetik, Argentinako kereilagaz bat egiteko asmoa adierazi dute. Aitziber Irigoras alkateak azaldu duenez, auzibide honen helburua "bonbardaketa faxistek eragindako hildakoak, zaurituak eta kalteak salatzea" da . Horretarako, Durangoko kaltetuentzako informazio bulegoa zabalduko dutela aurreratu du alkateak. Bestetik, Durango 1936 elkarteak dagokion epaitegietan abiatuko duen auzibidea babestuko dute. EAJ, EH Bildu, Herriaren Eskubidea eta PSE-EE alderdiek adostutako adierazpena da. 

Andoni Barreña 1936 Kultur Elkarteko kideak eta Aitziber Irigoras Durangoko alkateak irakurri dute bonbardaketaren erantzuleak epaiketara eramateko lehen pausoa izango den adierazpen instituzionala. Idatzi horretan jaso dutenez, 1937ko martxoaren 31n Mola jenerala buru zuen armada faxistak, hegazkin italiarren laguntzagaz burututako "ekintza genozida, basati eta ankerra" izan zen Durangoko bonbardaketa. Ehundaka lagun hil ziren Durangon bonben eta ametrailaketen ondorioz. Herria suntsitzeaz gainera, milaka lagunek ihes egin behar izan zutela gogoratu du Barreñak. "Inork ez du barkamenik eskatu egindako genezidioagatik ez eta egindako txikizioagatik. Inork ez du erantzukizun politikorik onartu", gaineratu du Durango 1936 elkarteko kideak. 

Adierazpen horretan, memoriaren berreskurapenean egindako lana dela-eta eskerrak eman dizkiote Gerediaga Elkarteari, Berbaro euskara elkarteari, Kriskitin dantza taldeari, Durango 1936 kultur elkarteari eta isilean jardun duten hainbat herritarrei. 

Bartzelonaren bidea

Bartzelonak zabaldutako bideari ekingo dio Durangok ere bertako epaitegietan. Horrela, Bartzelonako kereila idatzi duen abokatu taldeak Durangoko bonbardaketaren inguruan dagokion epaitegian aurkezteko dokumentuaren zirriborroa erredaktatu duela azaldu du Barreñak. Gaineratu duenez, "ez dakigu auzibidea elkartearen edo kaltetutako pertsona partikularren izenean jarri". Gerraren testuinguruan, Durango 1936 elkarteko kideak gogoratu du bertako epaitegietan tramitera bi kereila onartu direla: Bartzelonako bonbardaketen ingurukoa eta Soriako fusilamenduena.

 80 urteurrena gogoan

Datorren martxoaren 31n Durangoko bonbardaketaren 80. urtemuga gogora ekarriko dute. Data hori aintzat hartuta, urtarrilean egitaraua osatzeko batzorde berezia sortu gura dute. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!