Alde batetik, Argentinako kereilagaz bat egitea da helburua. Ildo horretatik, Argentinako auzi-jartzeari atxikitu gura diren frankismoaren kaltetu durangarrei informazioa eta aholkularitza emango dizkiete. Bestalde, Durango 1936 Kultur Elkarteari laguntza eman gura diote, dagokion epaitegian bonbardaketaren erantzuleen aurkako auziak aurrera egin dezan.
Datorren martxoaren 31n bonbardaketaren 80. urtemuga gogora ekarriko dute Durangon. Urtero, egitaraua osatzen dute bonbardaketa sufritu zutenak oroitzeko. Udalaren asmoa da egitarau horretako ekimen eta ekintza guztiak koordinatuko dituen batzorde berezi bat sortzea.
Durango 1936
Pauso honen inguruan Durango 1936 elkarteari galdetuta, Andoni Barreñak azaldu duenez, “duela hiru urte mozioa aurkeztu genuen udalean, eta ordutik ez dugu harreman handirik izan udalagaz. Datorren urtean 80. urteurrena izango dela-eta, apirilean ekimen honi heldu genion eta udalagaz berba egiten hasi ginen”. Barreñak gaineratu duenez, bonbardaketan kaltetuak sentitzen direnak datorren asteko ekitaldian presente egotea gurako lukete.