Donostiarako garraio zerbitzua hobetzeko beharrizana ikusten du EH Bilduk. Gaur egun, ordu bi irauten duen trena, Gipuzkoa zeharkatzen duen autobusa edota 06:30ean Ibaetako kanpusera doan autobusa dira hara joateko aukerak. Proposamen bi plazaratu ditu Ion Andoni Del Amok. Batetik, Ermutik ateratzen den autobus linea Durangon hastea, eta bestetik, Bilbo eta Donostia lotzen zituen tren zuzena berreskuratzea.
Beharrizanagaz bat egiten du PSE-EEk, eta udal gobernuaren izenean, Aldundiagaz harremanetan egon direla jakinarazi du Pilar Ríosek. Gipuzkoako aldundiko arduradunagaz batzartzea izango litzateke asmoa. EAJk ikuspegi bera du, eta gaia batzordean lantzeko prest agertu da Goiztidi Díaz. Herriaren Eskubidearen ahotan, Donostia eta Gasteizekin "txarto komunikatuta" dagoela uste du Julián Ríosek, eta batez ere "unibertsitate ikasleei egiten zaien kaltea" nabarmendu du.
PPko Fran Garatek ez du ondo ikusten Ermuko autobusa luzatzea, eta tren zuzena erabilera txikiagatik kendu zela uste du.