"Ez dugu ulertzen Aldundiak egindako zonifikazioa". Berba horiek erabili dituzte auzo elkarteek mozioan. San Fauston eta Aramotzen, metro karratua 869 eurotan ezarri du Aldundiak, eta Alde Zaharrean 1.010 eurotan. Bitartean, Ezkurdin 749 eurokoa da. Etxeen kokalekua, kalitatea, merkatu balioa eta zerbitzu publikoen gertutasuna baloratuz gero, ez zaie justua iruditzen desberdintasun hori.
Dani Maeztuk (EH BIldu) esan du balorazioak txarto daudela. "Oraindik ez dakigu zergatik baxuagoa den Ezkurdi auzoak baino", adierazi du zinegotziak. Etxe batzuetan zerga %60 igo dela kritikatu du gainera. "Beste 40 urtez txarto egindakoagaz ez jarraitzeko, Aldundiari aldaketa eskatzera derrigortuta gaude", uste du Maeztuk. Jorge Varelak (HE) salatu du katastroaren aldaketa "korrika eta presaka" egin dela. "Auzokideek argi diote aldaketa injustua eta inkoherentea dela", esan du Varelak. Bestalde, azaroaren 11z geroztik udal batzordeetan gaia ez dela landu ohartarazi du. Fran Garatek (PP) ere bat egin du mozioagaz, eta auzokideek diotena gertatzen dela berretsi du.
Pilar Ríosek berba egin du gobernu taldearen (EAJ-PSE) izenean. "Ez gaude ados balioak aldatzeagaz, baina eztabaida behar dela uste dugu", bere esanetan. Hori dela eta, abstenitu egin dira alderdi biak.