"Kariño handiz tratatzen gaituzte", esan du bazkaritara batu denetako batek, Conchi De La Torrek. Antonio Bañeres gizonagaz batera joan da Adinekoen Udal Egoitzako jantokira, eta honek ere zerbitzua ondo dagoela dio. Hantxe egon da Ines Elosegi, karneta ateratzen lehena izan zena, eta jantokira egunero bazkaltzen joaten dena. Bere esanetan, "kalera irteteko aitzakia" bat da jantokira hurreratzea.
Maria Villar udal teknikariak azaldu duenez, momentuz 61 karnet egin dituzte, eta beste lau tramitatzen dabiltza. Egunero, 11 bat lagun joaten dira batazbeste bazkaltzen. Azaroan, esaterako, 196 menu eman zituzten. Bazkaldu gura duten nagusiek aurretiaz hartu behar dute lekua, gutxienez egun biko tarteagaz. Izan ere, eman beharreko janaren kopurua kalkulatu ahal dute horrela jantokikoek. Gainera, tarte hori beharrezkoa dela dio Pilar Ríos alkateordeak, "produktuak freskoak eta kalitate onekoak" direlako. Hile osoko menua ikusgai dago egoitzan. 800 eurotik beherako errenta dutenek 3,5 euro ordaintzen dute menua, eta hortik gora 6 euro. Bikoteen kasuan, 1.300 euroko errenta bateratua da preziorako langa. 94 620 04 38 telefonoan topa daiteke informazioa.
Erabiltzaileen batazbesteko adina 81 urtekoa da, eta %62 bakarrik bizi dira. Gehienak, 61etik 40, emakumeak dira.