“Momotxon behar asko egin dugu, baina bertan sortu dugun giroagaz geratzen gara”

Markel Onaindia 2016ko abe. 14a, 12:10

Etxean bezala hartu dituzte bezeroak 12 urtez. Berezkoak dituzte gertutasuna eta umorea, eta lanez gainezka sarri egon arren, aurpegi txarrik inoiz ez. Momotxo taberna utzi egingo dute Oarbeaskoa-Madrazo familiakoek abendua amaitzerakoan, eta, urte berriagaz, etapa berri bat hasiko dute bizitzan.

Jende askoren erreferentziazko taberna izan da, eta tabernari-bezero logikatik harago sendotu dituzte hartu-emanak kasu askotan. “Momotxon behar asko egin dugu, batez ere aitak eta amak, baina bertan sortu dugun giroagaz geratzen gara”, esan du Oier semeak. Tabernan batu izan diren bezero guztiei eskerrak eman gura dizkiete Jose Julian Txikitok, Mari Carmenek, Oierrek eta Ekainek. “Jakin dezatela oso eskertuta gaudela”, dio amak.

Momotxoko gestioa hartuta, “esperientzia berri bat” topatu gura zuela azaldu du Txikitok. “Tabernaren jabeagaz kalean elkartu eta esan zidan errentan ipintzeko zeukala, eta horrela hasi ginen”, ekin dio kontakizunari. Andre-gizonez gainera, semeak ere hasi ziren laguntzen barran. “Ez nekien zer zen klarete bat, zer rueda bat... Sekula tabernan lanik egin barik, eta hasierako hileak gogorrak izan ziren”, aitortu du Ekainek. Antzeko akordua dauka anaiak: “Ez zitzaidan tabernan lan egitea gustatzen, eta gogorra egin zitzaidan. Astiro-astiro ikasten joan nintzen”.

Arguiñanorena
Ardoa, pintxoak, hegaltxoak, ogitartekoak eta abar eskaintzen joan ahala, denbora aurrera joan da. Bezero famatuak ere eduki izan dituzte, Karlos Arguiñano sukaldaria, adibidez. Durangoko Azokako egun batez bertaratu zen, Txikitok oroitzen duenez. “Salda atera nion, eta gozoa zegoela esan zidan. ‘Zurea ere txarra ez da egongo, bada’, erantzun nion nik [barrez]. Joango nintzateke ni ere bere jatetxera...”. Gero, Durangora etorriz gero Momotxoko hegaltxoak probatu barik ez geratzeko bota zuen Arguiñanok telebistan. “Telebistan aipatu zuenean, aste osoko hegaltxoak 2-3 egunetan saldu ziren”, azaldu du Ekainek.

Horrez gainera, makina bat anekdota dituzte; arroz-esneari gatza bota ziotenekoa, edota kafeari limoia botatzea eskatu zietenekoa, hainbaten artean.

Momentu onak bizi izan dituzte, baina tabernak lan handia eskatzen du. “Asteburuetan lan egitea oso gogorra da, jendeak ez du hori ikusten”, aipatu du Txikitok. Berak jubilazioa hartuko du, eta gestioan belaunaldi aldaketarik ez da emango. Erabakia hartuta eduki arren, maitasunez begiratzen dute atzera, Oierren berbetan. “Pena handia ematen dit, batez ere bezeroekin lortu dugun harremanagatik. Bezero asko, auzoko jendea, bezero izatetik lagun izatera pasatu dira”, adierazi du semerik zaharrenak.

Bide berria
Taberna uztearen albistea tristuraz hartu dute euren bezero ugarik. “Hauxe esaten digute: ‘Eta orain, zer egingo dugu guk?’. Bada, etorriko gara eta hartuko dugu txikito bat elkarregaz”, proposatu du aitak. Bere sasoian puntista ezagun izan zen hemen, baita Amerikan edota Indonesian ere, eta ofizio hartatik datorkio Txikito motea. Tabernako esperientzia jorratu ostean, lurra jorratzera pasatuko da: “Ortua ipini behar dut, astoa erosi, perretxikotan joan...”. Bide berri bati ekingo diote laurek, irribarrea lagun dutela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!