Egun oso baten falta izan arren, momentuz azokak esku artean dituen zenbatekoak eta balorazioak aurkeztu nahi izan ditu. Gerediaga Elkarteko presidente Nerea Mujikak aipatu duenez, Durangoko Azokak aurtengo edizioaren balorazio positiboa egin du, zenbatekoei dagokionez eta, batez ere, nolakotasunei dagokionez ere. ‘Bizitzekoa DA’ izan da aurtengo leloa, eta helburu hori bete egin dela azpimarratu du Mugikak: "Gero eta gehiago, bisitaria ikusle izatetik partehartzaile izatera igarotzen ari da. Azoka ez da erakusleiho hutsa, azoka plaza bat da, euskal kulturaren plaza, eta gero eta gehiago gara plaza honetan parte hartzen dugunak: boluntariotza programaren, topaketa ezberdinen edota egitarauko hainbat jarduera parte-hartzaileren bitartez".
Datuei erreparatuz gero ere, 51DA emankorra izan dela azpimarratu dute. Egun baten faltan, aurreko urteetako bisitari-kopurua errepikatu du azokak: zehatzago, iazko kopurutik apur bat beherago momentuz, baina gaurko egunarekin iazko kopuruetara heltzea espero dute. Igandea, abenduak 4, izan zen egunik jendetsuena. Autobus-zerbitzuaren erabilerak ere igoera nabarmena izan du iazko datuekin alderatuz gero. Datuekin jarraituz, webguneak ere bisitari-kopuruan gorakada izan du; aipatzekoa da azoka hasi baino aurreko asteetan izan dela nabarmenagoa gorakada hori.
Bisitarien profilari dagokionez, Ikasle Egunak izan duen indarra nabarmendu dute. Azoka apur bat aurreratzearen arrazoietako bat Ikasle Eguna mantentzeko erabakia izan zen, eta bueltan, azokak Ikasle Egun bi jaso ditu. Helduen tailerrei dagokionez, aurten esperientzia-pilotu bezala antolatu dira lehenengo aldiz eta erantzuna gora-beheratsua izan dela azaldu dute; tailer batzuetan parte-hartze handia egon da, baina beste batzuetan ez horrenbeste. Hurrengo urteari begira, eskaintza findu eta hobetzeko asmoa izango du azokak.
Azokako guneen balorazioa
Saguganbarako kudeatzaile Itsaso Gangoitiak azokako gune guztien balorazioa egin du gaurko prentsaurrekoan. Etxetik hasi du balorazioa. Aipatu duenez, "Saguganbaran umeen sormena programazioaren erdigunean jarri dugu. Horren adibide argiena atzoko 'Talentue Plazara'. Eszenatokira igo eta egiten zekiten erakusteko irrikan zeuden guztiak. Hiru orduko emanaldia egin zuten denen artean". Azpimarratu duen legez, Saguganbarak erreferentzialtasuna irabazi du familia-plana dutenen artean. "Publiko fidela dugu eta asko dira Landakotik buelta egin eta Saguganbarara datozenak".
Ahotsenean 123 proposamen aurkeztu dira eta publikoak, ohikoan bezala, erantzun du. Zuzenekoek kokagune aldaketa izan dute aurten eta formatua bera ere moldatu egin da espazio horretara. Baina hau ez da traba izan bertan jo duten sortzaileentzat. Izan ere, publikoarekiko gertuago sentitu dira. Solasaldien guneari dagokionez, gero eta ezagunagoa dela nabarmendu nahi izan dute.
Kabian komunitateek hartu duten garantzia nabarmendu dute. Euskarazko eduki digitalen topagune esanguratsua bihurtu dela azaldu dute eta ez bakarrik proiektua aurkeztu eta ezagutzera emateko. Horrez gain, proiektuetan lan egiteko ere lekua bada.
Irudienean igarri dute euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileek bertan egon nahi dutela. Urteko ekoizpen esanguratsuen lekua bihurtzen ari dela azaldu dute. Ikusle kopuruak goranzko joera erakutsi du aurten ere.