Joan zen barikua, zapatua eta domeka kontuan hartuz gero 10.000 lagunek bisitatu dute merkatu plazan kokatuta dagoen Euskal Denda. Arbaso elkarteko antolatzaileek jakinarazi dutenez, hiru egun horietan igandea izan zen jendetsuena 5.353 bisitarigaz. Zapatuan 3.819 lagun izan zituzten eta gainerakoak barikuan joan ziren. Ekitaldi "arrakastatsua" izaten ari dela nabarmendu dute prentsa ohar batean.
Aurrekoetan egin den antzera, Euskal Dendak Euskal Herriko lurralde guztietako ordezkariak ditu. Guztira 52 artisau etorri dira Araba, Bizkaia, Nafarroa Behera, Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroatik. Gaur 21:00 arte da Euskal Denda bisitatzeko azken aukera.