"Zugazaren itzulera pozgarria da, beragatik eta baita Arte Ederren Museoagatik ere "

Anboto 2016ko abe. 1a, 15:05

Miguel Zugazak Madrilgo Prado Museoa utzi eta Bilboko Arte Ederren gidaritza hartzeko arrazoiak azaldu ditu, gaur, prentsaurrekoan. Durangarrak "arrazoi pertsonalak" direla-eta hartu duela erabaki hori azaldu du. Mikel Onandia eta Jose Julian Bakedano durangarrek Bilboko Arte Ederren Museoa eta Miguel Zugaza herrikidea ondo ezagutzen dituzte.

Onandia arte-historialariaren kasuan, bere doktoretza-tesian museoa sortu zen urtetik Gerra Zibilera arteko sorkuntza eta bilakaera aztertu ditu (1908-1936) . Jose Julian Bakedano zinemagilea, berriz, Arte Ederren Museoko zuzendariordea izan da. 33 urteko ibilbidean Leopoldo Zugaza (Miguel Zugazaren aita), Jorge Barandiaran, Miguel Zugaza eta Javier Viar zuzendarien ondoan lan egin du.

 

 

Mikel Onandia (Durango, 1983)

 

Miguel Zugaza Bilboko Arte Ederren Museora itzuliko da. Zer deritzozu erabaki horri?
Berri oso ona da. Beragatik eta Arte Ederren museoagatik pozten naiz.

 

Prado Museoan egin duen lana goraipatu dute askok. Zeintzuk izan dira bere lorpenak?
Madrilen sekulako lana egin du. Zailtasun momentu batean heldu zen, eta museoari egonkortasuna eman zion. Kolore diferenteetako gobernuen gainetik mantentzea lortu du. Zabalkunde bat ere egin du. Batez ere, museoa XXI. mendera ekarri du. Modernizatu egin du. Ia 200 urte dituen museo bat zientifikoki eta akademikoki sendotu du. Administratiboki ere autonomia eman dio lege berri bategaz. Arte Garaikidea museoan sartu du, eta hau apustu garrantzitsu bat izan da. Zorte apur bategaz eta gaitasun handiagaz batera, proiektu sendo bat edukitzea lortu du. Bigarren mendeurreneko proiektua ere lotuta utzi du.

 

Bilboko museoarentzat zer suposatzen du?
Egon diren hutsune asko beteko dituela uste dut. Museoari beste norabide bat emango dio. Esango nuke berak ipini zuen oinarria jarraituko duela. Berak egin zuen museoaren zabalkundea eta obra guztia. Inauguratu berri zenean joan egin zen. Sortutako proiektu horri helduko dio, beraz, ez da zerotik abiatuko. Itzulera bat izango da. Arte Ederren Museoagatik asko pozten naiz. Harreman handia daukat museo honegaz, doktoretza tesia horren inguruan egin dut-eta. Dakarren esperientziagaz eta autoritateagaz hemengo instituzioek behar duen babesa ematea espero dut.

 

 

 

 Jose Julian Bakedano (Durango, 1948)

 

Zer deritzozu Zugazaren itzulerari?
Albiste ona da berarentzat, Arte Ederren Museoarentzat eta baita Euskal Herriarentzat ere. Pertsona oso prestatua da, eta kontaktu asko ditu. Gainera, kudeaketa eta antolamendurako gaitasun handia du. Antzinako Artea eta Arte Garaikidea sakonean ezagutzen ditu. Euskal artean aditua da. Beraz, albiste ona da, alde guztietatik.

 

Aurretik, Arte Ederren Museoan zure nagusia eta lankidea izan zen. Zelakoa da distantzia laburretan?
Gizon gogorra, baina atsegina da. Antolakuntzarako gaitasun handia du.

 

Zein helburu izango du Bilboko museoarentzat?
Galdera horri berak erantzun beharko lioke. Uste dut museoa orbitan jartzea gurako duela. Orain 15 urte abiatu zuen lanaren jarraipena izango delakoan nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!