Leioako kanpuserako autobus linean errefortzuak eskatu dituzte EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak

Anboto 2016ko aza. 29a, 19:58

EH Bilduk mozioa aurkeztu du osoko bilkuran, esanez 07:10eko eta 08:10eko autobusetan pertsona batzuk zutik joan behar izaten dutela sarritan. Puntu hori ez da onartu, bai ordea Madalenako geltokian aterpea ipintzea. Pilar Ríos alkateordeak (PSE-EE) azaldu du Aldundiak horretarako konpromisoa hartuta daukala.

Aritz Bravok (EH Bildu) adierazi du autobus linea horren erabiltzaileek kexak aurkeztu izan dituztela, eta errefortzu gehiagoren beharra ere bai. "Garraio publikoa sustatu barik, kontrakoa egiten gabiltza", esan du linearen zerbitzuari begira. Herriaren Eskubideak bat egin du eskaeragaz; Julia Pereraren ustez, "herritarrek ordaintzen dituzte zerbitzu publikoen pribatizazioa eta beste hainbat gai".

EAJ eta PSE-EE ez dira agertu ados mozioko puntu guztiekin, eta horregatik, puntuka bozkatzea eskatu du Goiztidi Diazek (EAJ). Ríosen iritziz, "zerbitzua ez da txarra". Bere arabera, bigarren autobusak soilik izaten ditu arazoak, baina ez beti. Fran Garateren ikuspegitik, (PP) gauza argia da errefortzuak behar direla, baina Aldundiak araua betetzen duela ohartarazi du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!