Bereziki larria izan da ikasturte hasiera, eraso sexistak katean etorri direlako. Abuztu amaieratik San Fausto jaien bueltara arte 9 eraso jazo ziren; batzuk Bilboko jaien harira eta handik bueltan, eta beste bi Durangoko jaietan. Horren eraginez, urriaren 15ean jaiak eten egin ziren ordu erdiz, konpromiso hori jasotzen baitzen erasoen aurkako Herri Akordioan.
Gaur, aldarrikapenak
Mugimendu feministak eta instituzioek deituta, indarkeria matxistaren aurkako aldarria zabalduko dute gaur hainbat herritan. Durangon udalak deitutako elkarretaratze bategaz hasiko dute jardunaldia, 13:00etan. Plataforma feministaren eskutik, manifestazioa irtengo da, 19:30ean, Santa Ana plazatik.
Elorrion, 18:00etan osoko bilkura berezia egingo dute, eta 19:00etan elkarretaratzea plazan. Zaldibarren 18:30ean elkartuko dira, Lehendakari Agirre parketik udaletxeraino ibilbide bat osatzeko. Berrizen kontzentrazioa eta martxa bateratuko dituzte, udaletxetik Urtiaga plazaraino joateko, 18:00etan. Gero, Eraso sexistarik ez jaietan! izeneko bideoa proiektatuko dute. Abadiñon umeen antzerkia eskainiko dute, 18:00etan, eta 19:00etan izango da elkarretaratzea. Zornotzan 13:00etarako ipini dute hitzordua udaletxe aurrean, eta Mallabian 12:00etan. Gainera, Mallabiko Nahikari emakume taldeak antzerkia prestatu du 22:00etarako, Kontzejuzarren. Iurretan udal adierazpen instituzionala irakurriko dute, 19:00etan, eta gero, Beldur Barik lehiaketako bideoak ikusi ahal izango dituzte. Bestalde, Otxandion azaroaren 27an fiml bat emango dute, 18:15ean.