Badator azaroaren 25a, Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna. Hori dela eta, Kulunkari Hazkuntza Elkartetik, indarkeria honen barruan normalizatuenetakoa dena ikusarazi nahi dugu: indarkeria obstetrikoa.
Osasun sistemak eta bertako langile batzuk burutzen dutena da emakumeen gorputza eta beraien ugaltze prozesuen gainean. Indarkeria mota hau hain barneratua eta normalizatua dugu, jasaten duten emakume asko eta burutzen duten profesional asko jabetu ere ez direla egiten. Sistema patriarkaletik sortu eta elikatzen da eta, botere eta hierarkizazio gehiegikeria bezala azaleratzen da, haurdunaldia, erditzea, erditze-ondorena eta edoskitzea bezalako prozesu fisiologikoak gaixotasun bihurtuz. Gainera, indarkeria honek emagin, obstetra eta erizainen buru-osasunean eta karrera profesionalean eragiten du, hainbat erditze gela eta amatasun solairutan bizi diren bortizkeriaren ondorioz.
2014an, Munduko Osasun Erakundeak Aitorpen bat egiteko beharra ikusi zuen osasun zentruetan erditze prozesuaren arretan ematen diren tratu txarrak eta errespetu faltak saihestu eta ekiditeko.
Premiazkoa iruditzen zaigu gizarteari jakinaraztea indarkeria obstetrikoa existitzen dela. Emakume eta jaio berrien giza-eskubideen zapalketa dela aldarrikatzea, hauen osasun fisiko eta emozionala, edoskitzearen ezarpena, edota ama eta haurraren arteko loturaren sorrera arriskuan jartzen dituena, baita seme-alaba gehiago ez izateko erabakian eragin dezakeena.
Mundura etortzen garen moduak zuzeneko lotura dauka indarkeriarekin. Erditze esku-hartuenak dituzten herrialdeak indarkeria indize altuenak dituztenak dira. Michel Odent obstetra ezagunak hala dio: “Mundua aldatzea nahi badugu, jaiotzeko modua aldatu beharra dago”.
Ildo honetan, Kulunkarin uste sendoa dugu jaiotzeko moduaz gain, errespetuzko hazkuntza ere oinarri garrantzizkoa dela gizarte baketsuago bat lortzeko. Gure seme-alabak enpatiaz, indarkeriarik gabe eta errespetuz haztea, behar duten maitasun eta babesa eskainiz. Horixe da lortu nahi dugun gizartearen oinarriak ezartzeko bidea. Has gaitezen bada horretan lanean, bizitza hasten den une beretik.
Gai honetan interesa baduzu, datorren eguaztena, azaroak 23rako antolatu dugun foro irekian parte hartzera gonbidatzen zaitugu. Pinondo Etxean elkartuko gara, 1, solairuan, eskumako gelan, 17:00etatik 19:30etara.