Iazko apirilean eta maiatzean Durangoko Alde Zaharrari eragiten dioten askotariko gaien gaineko iritziak jaso zituen DAZ elkarteak, bertako bizilagunen zein komertzioen artean. Harrezkero, datu horien emaitzak atalka eman izan dituzte. Gaur herri segurtasunari, bideko segurtasunari eta administrazioekiko hartuemanei buruz jasotako iritziak jakinarazi dituzte.
Iritziak pertsonalak eta herritarrenak direla zehaztu du Arrillagak eta ez elkartearenak. Udaltzainena da herri segurtasuna bermatzeko ardura eta atal horretako iritzi eta ekarpen gehienak euren gainekoak dira. Esaterako, Udaltzaingoaren eta herritarren arteko hartuemana estutzeko Pinondon batzar publiko bat egitea eskatzen du ekarpen batek. Batzar horretan udaltzainek euren jardunbideko azalpenak emango lituzkete eta herritarren dudak argitu. Bideko segurtasunari lotutako kexa asko bizikleten eta patinetan dabiltzanen ingurukoak dira: gehiegizko abiadura, araudi baten falta… Azkenik, administrazioekiko hartuemanei dagokionez, gertukoagoa izan dadila eskatzen dute, oro har, iritzirik gehienek.
Gaur publiko egindako dokumentua herritarren eskura jarriko dute hiru tokitan: Trapuzahar dendan (Andra Mari 12), Alberto ile-apaindegian (Bartolome Ertzilla) eta Txoko Gozon (Goienkale 7).
Era berean, dokumentoari sarrera eman diote udaletxean eta astelehenean helaraziko diete alderdi politikoei “euren balorazioa egin dezaten eta herritarrei egoki deritzeten erantzunak eman ditzaten”, azaldu du Jose Maria Arrillaga DAZ elkarteko presidenteak. Hala ere, bestelako gaien inguruan helarazitako dokumentuen erantzunik ez dutela jaso salatu du: “Gobernu Taldeak urtebetean deitu ez digula diogun modu berean diogu oposizioa ere ez dela gugaz hartuemanetan jarri”.
Udalagaz azken batzarra 2015eko azaroan izan zutela azaldu du eta hartuemanak apurtuta daudela: “Ikusten duguna da administrazioa ezkutatu egiten dela eztabaida posibleetatik, bizilagunen aurrean azalpenik ez emateko”.