Zabor bilketaren tasa %2,5 igoko dute 2017an

Anboto 2016ko aza. 17a, 09:38

2017rako zerga eta tasarik gehienak bere horretan utzi ditu Durangoko Udalak, salbuespen bi eginda: zaborrarena eta higiezinena –katastroaren aldaketagatik etorri dena–. Datorren urtean, durangarrek %2,5 gehiago ordaindu beharko dute zabor bilketagatik.

Joan zen asteko osoko bilkura berezian onartu zituzten 2017ko ordenantza fiskalak, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoagaz, EH Bildu eta Herriaren Eskubidearen abstentzioagaz eta PPren aurkako botoagaz.  EH Bilduk 23 ekarpen egin, eta 17 onartu zituen gobernuak; zabor bilketarena bat. Koalizioaren arabera, zerbitzua hobetzea beharrezkoa da, eta diru gehiago inbertitzea da horretarako bidea. “Auzoak ahaztu” egiten direla kritikatu zuen Herriaren Eskubideak.

Gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk gainerako zergak mantentzeari garrantzia eman zioten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!