Gurutze Frades buru dela emakumeentzako lasterketa antolatu dute Durangon

Anboto 2016ko aza. 16a, 16:44

Durangoko udaleko eta herriko hainbat elkarte eta ikastetxetako emakumeek prentsaurrekoa eskaini dute gaur, azaroaren 25aren harira antolatutako diren ekitaldien berri emateko. 

Aurtengoan ekitaldi berezia antolatu dute Durango Kirol Taldekoek. Lehenengoz, emakumeek bakarrik parte hartu ahal duten bost kilometroko lasterketa antolatu dute. Emakumeei hitza emateko asmoz sortu duten egitarua dela adierazi du Pilar Rios alkateordeak, eta horren adibide izango da azaroaren 26an egingo duten lasterketa. 

Gurutze Frades, triatleta, karteleko protagonista buru dela arratsaldeko 17:00etan izango du irteera lasterketak, Ezkurdi plazan. Eta bertan, 14 urtetik gorako edozein emakumeek parte hartu ahal izango du. Horrez gain, lasterketa nagusiaren aurretik herritar guztientzat beste lasterketa laburrago bat egingo dutela jakinarazi du Durango Kirol Taldeko Goretti Etxegibelek.

Lasterketaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte Durangon. Esaterako, bihar, arratsaldeko 18:00etan emakume errefuxiatuen egoera aztertuko dute Pinondon. Hitzaldia, Greziako kanpamentuetan egon diren hiru emakumeek eskainiko dutela jakinarazi du Ongi Etorri Errefuxiatuak taldeko Alaitz Berriozabalgoitiak.

Barikuan berriz, 'testurak' bertso saioa eskainiko dute Miren Amurizak, Saioa Alkizak, Rosi Lazkanok eta Alaia Martinek. Eli Pagola bertsolariak jakitera eman duenez, emakume idazleen testuak izango dira Amaia Agirre gai-jartzaileak bertso saioan jarriko dituenak. 

Azaroaren 24an, hiri debekatuaren mapa berria aurkeztuko dute Andragunean. Ainara Diaz berdintasun teknikariak jakitera eman duenez, genero ikuspegia kontuan hartzen duen mapa izango da datorren ostegunean, 18:30ean aurkeztuko dutena.

Hurrengo egunean, azaroaren 25ean, urtero lez, kontzentrazioa egingo dute udaletxean, eta Riosek jakitera eman duenez, San Antonio Santa Rita ikastetxeko eta Maristetako ikasleek irakurriko dute adierazpena. Horren ostean, arratsaldeko 19:30ean, Plataforma Feministak antolatuta manifestazioa egingo dute, Santa Anatik abiatuta. 

Azaroaren 27 eta 29rako, berriz, 'Arizona' antzezlana eta 'Lisipe' liburuaren aurkezpen eta berriketaldia antolatu dute, hurrenez hurren. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!