Zara eta Mangoren aurkako giza-katea deitu dute, errefuxiatuei babesa erakusteko

Markel Onaindia 2016ko aza. 15a, 09:57

Duela aste pare bat errefuxiatuen aldeko pintadak egin zituzten Mangon; hurrengo egunean garbituta zeuden.

Durangoko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak adierazi du adingabeko errefuxiatuak Zara eta Mangorentzako lanean dabiltzala Turkiako hainbat arropa fabriketan. Hori salatzeko, bi dendak giza-kate bategaz lotuko dituzte zapatuan, 12:00etan, Andra Marian elkartuta.

"Errefuxiatuentzako bizi baldintzak izugarri latzak badira ere, oraindik latzagoak dira adingabeko neska-mutil errefuxiatuen kasuan", esan dute plataformakoek sare sozialetan zabaldutako oharrean. Haurren Eskubideen Nazioarteko Eguna ospatuko da asteburuan, eta horren harira deitu dute elkarretaratzea.

Albistearen berri BBC telebista britainiarrak eman zuen, eta bertatik, umeen lan baldintzen inguruko datu bat zabaldu dute plataformakoek: "Haurrek 12 orduko txandetan egiten dute egunero lan, ordu bakoitzeko euro eskas bat irabazten".

Grezian bizitakoa
Bestalde, eguenean berbaldia eskainiko dute, Greziarako karabanan bizitakoa azaltzeko, besteak beste. Ana Elena Altuna, Lala Mujika eta Catherine Verbrugen gonbidatu dituzte. 18:00etan hasiko da Pinondo Etxean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!