Andereak elkartea: "Honelako publizitatea indarkeria sinbolikoaren eredu argia da"

Anboto 2016ko aza. 11a, 20:42

Andereak elkarteak asteburu honetan Durangon egingo den azoka iragartzeko kartelean agertzen den "sexismoa" salatu du. Era berean udalari eskatu dio ez dezala honelako publizitaterik onartu eremu publikoetan egiten diren ekitaldietan.

Andereak taldeak prentsa oharrean azaldu duenez, "aipatutako kartela bi arrazoirengatik da matxista. Batetik, emakume bat agertzen da azokako erreklamu gisa, eta bestetik, erakusgarri egongo diren produktuak emakumeekin lotzen ditu, hala nola, moda, etxe-tresnak edo dekoraziokoak".

Elkarteak dioenez, "honelako publizitatea indarkeria sinbolikoaren eredu argia da, hautematea zailagoa den indarkeria ezkutua, emakumeak objektu bihurtzen dituena beste produktu batzuk saltzeko. Indarkeria sinbolikoak, indarkeria fisikoa eta psikologikoa elikatzen ditu”, Andereaken arabera.

Gaineratu dutenez, "Andereak taldeak exijitzen du, emakumeak eta euren gorputzak merkantzia gisa erabiltzeari uztea, eta Durangoko Udalari eskatzen dio publizitatearen kontrola izan dezala, bai udal esparruetan egiten diren ekitaldietan bai udalak berak antolatutakoetan ere".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!