Bizkaiko enpresak diruz lagunduko dituzte Durangoko langabetuak kontratatuz gero

Anboto 2016ko aza. 11a, 14:09

Diru-laguntzen nondik norakoak azaltzeko gaur udaletxean eskaini duten prentsaurrekoko irudia

Abenduaren 2ra artekoa diru-laguntza eskabideak egiteko epea Durangoko udaletxeko bezeroentzako arreta-zerbitzuan.

Durangoko Udalak Lanbideren bidez lortutako 117.000 euro bideratuko ditu egitasmo honetara. Diru-laguntzak Bizkaiko enpresek eskuratu ditzakete baldintza batzuk betez gero: gutxienez hiru hilabeteko kontratuak eta lanaldi osokoak egin behar dituzte, beti ere langabetu durangarrekin. Bete beharreko beste baldintza bat da kontratazioek enplegu gordina sortu behar dutela. Horrez gainera, ezin dute izan prestakuntza kontratuak edo ikasketa kontratuak.

Baldintza horien barruan, langile bati hiru hilabeteko kontratua eginez gero, 3.000 euroko laguntza jasoko du. Gutxienez sei hilabetekoa eginez gero, laguntza 6.000 eurokoa izango da. Horixe da jaso daitekeen kantitate handiena. Hiru eta sei hilabeteko kontratuen artean, aldiz, banaketa proportzionala egingo dute; hau da, diru-laguntza handiagoa jasoko du lau hilabeteko kontratuak hirukoak baino.

Diru-laguntza eskabideak abenduaren 2ra arte egin daitezke Durangoko udaletxeko bezeroentzako arreta-zerbitzuan.

Egitasmoak helburu bi ditu: enpresei euren lan taldeak handitzeko erraztasunak eskaintzea eta Durangoko langabetuei lan merkatura sartzeko aukerak zabaltzea. Izan ere, 1.624 langabetu daude Durangon eta egoerak horrek “kezkatuta gaitu”, azaldu du Aitziber Irigoras alkateak: “Enpleguaren esparruan ditugun eskumenak txikiak dira, baina gure betebeharra arlo horretan ere ahal dugun guztia egitea da”. Egitasmoak lan eskariaren eta eskaintzaren arteko zubi lana egiteko aukera eskaintzen duela azaldu du Pilar Rios alkateordeak: “Argi utzi gura dugu Durangoko langabetu bakoitza kezka bat dela udalarentzat. Era berean, kontziente gara enpresek euren lan taldeak handitzeko dituzten arazoetaz. Egitasmo honen bidez alde biak, eskaria eta eskaintza, lotzeko aukera ikusten dugu”.

Iazko eskaera gehien, zerbitzuen sektoreak

Aurten egitasmoa martxan jartzen duten bigarren aldia da. Iazko eskaera gehienak zerbitzuen sektoretik jaso zituzten. Denak Durangaldeko enpresetakoak izan ziren eta %80 Durangokoak. 15 diru–laguntza eskari izan ziren eta 13 onartu zituzten. Horietako hiru lan-kontratu mugagabeak izan ziren; bat urte bikoa izan zen, beste bat 14 hilabetekoa eta gainerakoak handik beherakoak.

Erlazionatuak

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!