Ane Abarrategi: “Hiria geurea ere badela eta zer esana badugula sentitu behar dugu emakumeok”

Markel Onaindia 2016ko aza. 11a, 12:40
Ane Abarrategi, Andra Maritik Kanpatorrostetara dagoen tunelean, Durangoko puntu beltzetako batean, hain zuzen,

Eraso sexistak edonon eta edonoiz gertatu ahal dira, baina kale edo izkina ilun eta bakartietan arriskua handitu egiten da. Gainera, puntu beltz horiek areagotu egiten dute beldurra emakumeengan. Durangon 16 daude lehendik identifikatuta, eta orain berriak topatuko dituzte emakumeen partaidetzagaz.

Gaur herritik ibilbide bat egingo dute, 18:00etan, Andragunetik hasita. Hilaren 24an gaiagaz lotutako berbaldi bat burutuko da, eta abenduaren 17an puntu beltzak eraldatzeko proposamenak egingo dituzte. Ttipi Studioko Ane Abarrategi diseinatzaileak gidatuko du Hiri Debekatuaren Mapa eguneratzeko prozesua.

Puntu beltzen mapa eguneratzeko, emakumeen parte-hartzea eskatu duzue. Jabekuntzarako balioko du?
Hiria geurea ere badela sentitu behar dugu emakumeok, eta badaukagula zer esana. Hori eginda, badu jabekuntzarako puntu bat, baina hori publiko egin eta ostean proposamenak garatzeko aukera ematen bada, indar gehiago ematen zaio. Hirigintza ez da neutroa, eta emakumeen ikuspegia bertan txertatzea da proiektu honen helburua.

Puntu beltzak eraldatzeko, zer ekintza egin ahal dira? Zer aurreikusten duzu?
Kasu batzuetan, argiztapena izan daiteke. Baina beste batzuetan, bizirik bako leku batean espazioa sortzea: kale altzariekin, landareekin, komertzio bat zabalduta... Baina jabekuntza sinbolikoa ere izan ahal da. Puntu beltz bat arriskutsu ikusten badugu, agian dinamika bat egin dezakegu denon artean, bertan mural bat margotzea adibidez. Horrela, espazio horretaz jabetzen gara nolabait. Ez dago formula bakarra; espazioaren araberakoa izan beharko da.

Durangon 16 puntu beltz daude, baina berriak topatzera zoazte. Izan ere, herria asko hazi da azken urteetan...
Nire ustez, Durangon eman den hazkuntzak ez du ardatz hartu eguneroko bizitzaren kalitatea. Askotan, lo egiteko auzoak sortu dira, dentsitate baxuko etxebizitzak, zerbitzurik bako eremuak... Hori ere aztertu beharko dugu mapagaz. Auzo berri horietara joan eta emakumeen bizipenak jasoko ditugu.

Hirigintza inklusiboa edo barneratzailea lantzen duzue. Zertan datza?
Hirigintza barneratzaileak pertsonentzat hiri atseginagoak sortzea planteatzen du, eta ez emakumeentzat bakarrik. Hiria irisgarria izan behar da, espazio kolektiboak eduki behar ditu, eta zeregin produktiboetatik harago, erreproduktiboak ere kontuan hartu behar ditu. Hau da, pertsonen eguneroko bizitza, diseinuaren zentroan jarri behar da. Horrek dakarrena da sekulako aldaketa egin beharko genukeela hirien diseinuan. Adibidez, autoaren zentralitatea gainditu, sozializaziorako espazioak sortu... Kasu honetan, emakumeen ikuspuntua mahai gainera ekarri eta pausoak ematen hasteko aukera polita izan daiteke.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!