“Mancisidor familiak sustrai oso sendoak izan ditu Durangon”

Jone Guenetxea 2016ko aza. 11a, 09:21

Argazkia: Lehior Elorriaga

Negozio gutxi egongo dira Durangon mende eta erdiko ibilbidea ospatzera heldu direnak. Mancisidor familiak ibilbide horren azterketa historikoa egin du urtemuga behar den moduan ospatzeko. Maite Mancisidor da orain familia-negozioaren buru. Bere aurretik, beste lau belaunalditan bonbardaketa zein krisiei aurre egin diete. Badago zer ospatu, beraz.

Zer antolatu duzue 150. urtemugarako?
150. urtemuga ez nuen pasatzen utzi gura ezer egin barik. Urtea aurrera zihoan, eta pentsatu genuen Durangoko jaien eta gabonen artean zer edo zer egitea. Urtemuga bezeroekin eta urte hauetan guztietan gugaz egon den jende guztiagaz ospatzea da asmoa.

150 urteko ibilbidea aztertu duzue. Zelako prozesua izan da hori?
Nekien gauza bakarra ahoz ahokoa zela konturatu nintzen. Horregatik, historia dokumentatuta edukitzea gura nuen. Horretarako, aditu batengana jo nuen. Jon Ander Ramos historialariagaz kontaktuan jarri nintzen, eta lanari ekin genion. Genekizkien gauzak azaldu genizkion Jon Anderri, eta bera izan da artxiboetan-eta ikerketa egin duena.

Orain dela 150 urte, zelan sortu zen familia negozioa?
José Mancisidor Martija Mutrikutik etorri zen, eta armagina zen. Antza denez, Juana Uriguen Olalde bere emaztea izan zenaren familia durangarra zen, eta dendariak ziren. Badirudi dendariek posizio sozial hobea zutela, eta beraz, ezkondu orduko denda bat ipini zioten Joseri, euren alaba dendari bategaz ezkondu zedin, eta ez armagin bategaz. Horrela, ezkondu aurretik zabaldu zutela denda esan digute beti.

Ordutik hona, zenbat belaunaldi igaro dira?
Ni bosgarren belaunaldia naiz.  Lehenengoa José izan zen. Gehien bat erloju-denda izan zen. Jon Anderrek aurkitu duen dokumentu baten arabera, 1879koa, Durangoko Udalak ordainketa bat egin zion erloju bat konpontzearren. Ondoren, haren seme Mateok hartu zuen negozioaren ardura. Badakigu udal erlojugilea izan zela urte askoan, 1894tik 1932ra. Hurrengoa, Mateoren seme Eudosio izan zen, 60ko hamarkadara arte. Horren ondoren, nire aita Gonzalok hartu zuen lekukoa. Gizonen belaunaldi horiek neuk apurtu ditut (barrez).

Zelakoa izan zen zure aitaren sasoia?
Erloju denda mantendu arren, dendan bitxien atalak indar gehiago hartu zuen. Nire aitari beti gustatu izan zaizkio bitxiak diseinatzea, harriak solte erosi eta gero muntatzea...

Urte hauetan, denda beti egon da Andra Marian leku berean kokatuta?
Gutxi gorabehera leku berean egon da beti, nahiz eta eraikina ez den bera. Lehen Lamikiz etxea deitzen zen, eta Andra Mariko dorrera lotuta zegoen. Geroago, eraikin hura bota eta berria eraikitzerakoan, udalak Kanpatorrostetik pasoa uztera behartu zituen. Eraikin berria metro batzuk harantzago eraiki zen.

Bonbardaketak eraginik izan zuen elizatik hain gertu?
Baietz esango genuke, baina ez familian entzun dugulako, Jon Anderrek topatutako datuengatik baizik. Hau kaltetuta gelditzean, denda eta familia Andra Mariko beste aldera pasatu zirela suposatzen dugu. Aktetan baimen bat agertzen da, eta Andra Maria 1era lekualdatu zirela dio bertan. Familiak lotzen hasi ginen, eta erroldan ikusi dugu 1938an Uriguen familia Andra Maria 1ean bizi izan zela.   

Erloju zaharrik kontserbatzen duzue?
Bi bakarrik. Bata, zutunik jartzekoa, dendaren sarreran dagoena XIX. mendeko bigarren zatikoa da. Bestea, poltsikokoa da. Familiaren erlojuak erakutsi gura nituen, eta aztertzerakoan konturatu gara poltsikokoa 1740-1780 urte artekoa dela. Egilearen izena bertan inskribatuta du.

Familia negozio ugari izan dira Alde Zaharrean, baina gehienak zarratuta daude. Zein da zuen sekretua?
Uste dut familia oso errotuta egon dela Durangon. Sustrai oso sendoak izan dituzte. Mateo bera pertsona oso ezaguna izan zen. Gainera, sasoi hartako Durangon kokatu behar dugu. 4.000 biztanle izango zituen, eta Mateo oso aktiboa izan zen. Fotografoa, zinegotzia, elkarte kulturaletako kidea... udal erlojugileak ziren. Nire aita ere oso durangar sentitzen da. 30 urtean Zornotzan bizi arren, beti egon da Durangon erroldatuta, beti esan zuelako Durangora itzuli gura zuela. Ahalegin handia egin dute honi eusteko.

Zu zelan heldu zinen negoziora?
Ni izan naiz negozioa gutxien bizi izan duena. Ni Zornotzan bizi nintzen. Aita itsu gelditzen zebilen, eta dendan berari laguntzea erabaki nuen. Lotura nagusitan gertatu da.

Zeintzuk dira XXI. mendeko erronkak honelako negozio batean?
Interneteko salmenta, denda kate handiak... Horri guztiari aurre egitea da komertzio txikiaren erronka. Lan asko egin behar da, eta horrela goaz aurrera. Kontsumo ohiturak aldatzen ari dira.

Mateo Mancisidor, Andra Mariko dendaren atean.

Lamikiz etxea Andra Mariko kanpandorreari lotuta

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!