Emakumeentzako puntu beltzak direnak identifikatuko dituzte Durangon

Anboto 2016ko aza. 7a, 15:32

Hiri Debekatuaren Mapa eguneratuko dute emakumeen parte-hartzeagaz, azaroaren 11n burutuko duten ibilaldi bategaz. Durangon lehendik identifikatutako 16 puntu beltz daude, baina espazio eta auzo berriak sortu direnez, puntu beltz gehiago egongo direla uste dute.

Udalak bultzatutako egitasmoa aurkeztu dute, Berdintasun Kontseiluko eta mugimendu feministako kideekin batera. Andra Marin izan da prentsaurrekoa, handik Kanpatorrostetara doan tunelean, Durangoko puntu beltzetako batean hain zuzen ere.

Pilar Ríos alkateordeak esan du emakumeak "Durangon seguruago eta askeago" ibiltzeko helburuz egingo dutela maparen eguneraketa, "herri parekideagoa eta inklusiboagoa" bihurtzeko bidean. Nahiz eta jakin eraso sexistak edonon eta edonoiz gertatu ahal direla, puntu ilun horietan "inpunitatea eta arriskua" handitzen direla gogoratu du Ríosek.

Ttipi estudioko Ane Abarrategi diseinatzaileak zuzenduko du ekimena. "Proiektuaren helburua, emakumeen ikuspuntua hirigintzan txertatzea da". Ez bakarrik erasoen harira, eguneroko oztopoen harira ere bai. 11ko ibilbideaz aparte (18:00etan), hilaren 24an berbaldia eskainiko dute hirigintza barneratzaileaz (18:30ean), eta abenduaren 17an (11:00etan) espazioak eraldatzeko proposamenak landuko dituzte tailerrean. Hiru ekintzak Andragunean izango dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!