Durango, Bilbo, Gasteiz, Burgos eta Miranda de Ebroko bankuetako kutxazainetan hainbat lapurreta izan dira urriaren 27az geroztik. Gasteizen 32 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo ertzainek. Lakua inguruko banku batetik jaso zuten abisua. Baten batek euren kutxazaina manipulatu zuela jakinarazi zien. Ertzaintzak zainketa dispositiboa martxan jarri zuen. Bankukoek emandako deskripzioagaz bat zetorren lagun bat bankuko kutxazainak zeuden gelara sartzen ikusi zuten ertzainek. Handik irtetean geldiarazi eta identifikatu egin zuten. Poltsa baten barruan aparailu mekaniko bat zeraman eta honen barruan 50 euroko lau diru-paper zeuden. Beste 185 euro ere bazeramatzan aldean. Atxilotu egin zuten. Atxilotuak Durangon eta beste herrietan izan diren lapurretekin loturarik baduen ikertzen dabil ertzaintza.