Durangoko 6 langabe kontratatuko dituzte, birziklapenaren inguruan informatzeko

Anboto 2016ko aza. 4a, 14:31

Enplegu Plan berria aurkeztu du udalak, herriko sei langaberi laguntzeko. Lan merkatuan sartzeko zailtasunak dituzte sektoreei begira sustatu dute plana, eta berritzailea da, ingurugiroa ardatz izango duelako.

Sei hiletan zehar jardungo dute lanean berriemaile lez izendatu dituztenak, eta birziklapenaren inguruko informazioa eskainiko dute, aterik ate. Integrando fundazioak gestionatuko du programa, eta Ricardo Perez arduradunak esan du helburua Durangoko etxe guztietara heltzea dela. Etxeetako birziklapenaren inguruan galdetuko dute berriemaileek, informazioa ematez aparte. Horrela, Durangoko birziklapenaren inguruko datuak jaso ahalko ditu udalak. Pilar Ríos alkateordeak (PSE-EE) azaldu du gaur egun %35ekoa dela birziklapen tasa, eta hamar bat urteko epean %60 ingurura ailegatzea gura dutela.

Inskripzioa, 17ra arte
Mari Jose Balier bigarren alkateordeak (EAJ) adierazi du azaroaren 17ra arte eman ahal dela izena, Lanbideren bulegoan edota webgunean. 6 kontratatuetatik 3 emakumeak izango dira, parekidetasun ikuspegia bermatzeko. Diru sarrerak bermatzeko errenta kobratzen dutenentzako plaza bi egongo dira, eta beste bat 55 urtetik gorakoentzako. 35 urtetik beherakoak edota iraupen luzeko langabeak ere kontuan hartuko dituzte. Lanbiden alta emanda egotea beharrezkoa izango da.

Durangon 1.624 langabe daude, iraileko azken datua aintzat hartuta.

Iazko Enplegu Planaren harira, Eusko Jaurlaritzak 6.000 euroko isuna ipini zion udalari, "kontratazio ilegala" egiteagatik. Riosek esan du oraingo planak ez duela zer ikusirik haregaz.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!