“Zabor larregi sortzen dugu, horixe da dugun arazo larrienetariko bat”

Aitziber Basauri 2016ko aza. 5a, 10:00
Miren Gallastegi Argakia: Mikel Mtz de Trespuentes UPV/EHU

EHUko doktore Miren Gallastegik (Durango,1988) Hiri Hondakin Solidoen (HHS) erraustegietan teknologia katalitikoa erabiltzeko aukera aztertu du, kutsatzaile horien isurketak modu eraginkorragoan murrizteko. Nitrogeno oxidoak (NOx) eta dioxinak aldi berean deuseztatzeko aukera ikertu dute.

Zertan datza ikerketa?
Hiri Hondakin Solidoak (HHS) erretzerakoan, eta nahiz eta konbustio hori kontrolatua izan, halabeharrez zenbait konposatu sortzen dira —nitrogeno oxidoak eta dioxinak, besteak beste— eta kutsatzaile horiek tratatzeko prozesu ezberdinak daude erraustegietan. Halere, badakigu gero eta neurri murriztaileagoak jasoko dituela legediak. Horren aurrean, teknologia katalitikoan aldaketa txiki bat egitea proposatzen dugu; aldaketa txikia, baina, aldi berean, handia.

Zein da aldaketa hori?
Erraustegietan badarabilten teknologia katalitikoa erabilita, ez litzateke inbertsio handirik egin behar. Eta, aldi berean, aldaketa handia izango litzateke, dioxinetarako metodo suntsitzaile bat ere proposatzen dugulako. Teknologia katalitikoa erabiltzen duten erraustegietan ikusi dute NOx-ak deuseztatzerakoan dioxina kontzentrazioa ere jaisten dela. Baina, horren zergatia ez da ikertu. Teknologia katalitikoa NOx-ak eliminatzeko dago optimizatuta, ez dioxinak eliminatzeko. Prozesu berean, NOx-ak eta dioxinak %100ean eliminatzea lortu gura du ikerketak.

Teknologia katalitikoa erabiltzen da gaur egun konposatu kutsatzaileak tratatzeko?
Bai, Espainian hamar erraustegitan erabiltzen dute teknologia hori  —Bilboko Zabalgarbin ez dute horrelakorik, baina jartzea aurreikusi dute—. Orain arte, konbustio galdaran, 800 gradutik gorako tenperaturan amoniakoa botata bihurtu izan dituzte NOx-ak Nitrogeno. Hori, baina, ez da ehuneko ehunean eraginkorra. Izan ere, NOx-ak  isurtzen dira oraindik ere; beti ere, legeak baimendutako neurrian. Teknologia katalitikoagaz, galdaran beharrean, tximinian jarritako katalizatzaile batean isurtzen dute amoniakoa, eta prozesua eraginkorragoa da.

Dioxinak, baina, ez dituzte suntsitzen.
Ez. Gaur egun, ikatz aktibozko iragazkien gainean harrapatzen dituzte dioxinak, eta horiek, gero, kudeatu eta tratatu egin behar dira. Iragazki hori kendu, eta dioxinak oxidatzeko aipatutako katalizatzailea aprobetxatzea proposatzen dugu. Dioxinak deuseztatzeko metodo suntsitzailea litzateke hori.

Bi prozesuak bateratuko lirateke horrela?
Bai. Laborategian baieztatu dugu teknologia katalitikoan aldaketa batzuk eginda,  bi prozesuetan posible dela eraginkortasuna handitzea. Ikusi dugu erraustean NOx-ak eta dioxinak batera deuseztatzeko aukera badagoela, eta ikertzen jarraitu behar dela.

Noiz hasi zenuten ikerketa?
2011n hasi ginen, eta jarraitzen dugu. Laborategian sortutako erraustegi txiki batean egin ditugu proba guztiak, egoera ia ideal batean. Hurrengo pausoa sistema gas erreal bategaz probatzea litzateke. Adibidez, Zabalgarbik sortzen duen gasa hartuta. Emaitza onak lortuz gero, teknologia katalitikoa duen erraustegi batean probatu gura genuke. Oraindik, baina, lan handia dago atzetik.

Erraustegiek eztabaida sakona sortu dute gizartean. Zer iritzi duzu zuk honetaz?
Ez naiz erraustegiak eraikitzearen aldekoa, dena erretzearen aldekoa. Baina, ingurumenarekiko errespetagarriagoak diren beste teknologia batzuek  —birziklatzeko balioa berriz emateko, berrerabiltzeko...— arazo bat dute: beraien eraginkortasuna neurri batera artekoa dela: ezin dituzte tratatu gizartean ditugun era askotariko hondakinak. Horrez gainera, errefusa sortzen da: esaterako, plastikoa birziklatzen denean, beti sortzen da solido bat, birziklatu ezin dena. Zer egingo dugu horregaz? Zaborraren kudeaketa integrala egin behar dela uste dut, eta horixe diote Europatik datozen dekretuek ere.

Zertan datza zaborraren kudeaketa integral hori?
Lehenik eta behin, zaborra sortzea ekidin behar da. Zabor larregi sortzen dugu, horixe da gaur egun dugun arazorik larrienetariko bat, nire ustez. Hurrengo pausoa berrerabiltzea litzateke, eta erabili ezin dena birziklatzea. Birziklatu ezin denari balio berria ematea etorriko litzateke gero. Azken mailan leudeke errausketa edo isurketa. Batzuen ustez, errausketa errebalorizazio modua ere bada.

Nola da hori?
Erretzerakoan sortutako beroagaz erraustegian argindarra sortzen delako. Argindarra sortzeagaz ados nago, baina, hobe litzateke kutsatzaileak sortu gabe ematea balio berri hori. Hala ere, erraustegien aldeko joera gorakoa da, eta hori horrela izatearen arrazoirik garrantzitsuena energia elektrikoa sortzea da. Horrez gain, egia da baita ere zabor asko sortzen dela, eta bestelako aukerek errefusa sortzen dutela. Beraz, uste dut erraustegiak egon egongo direla. Erraustegiak desagertzea ezinezko ikusten dut. Hasteko, hainbeste zabor ez sortzeko lan egin beharko genuke, eta asko dago ikertzeko birziklapena, berrerabilpena... sustatzeko teknologian, oraindik muga asko ditu eta. Baina, tamalez, beti egongo da zati bat birziklatu ezin dena. Horren aurrean, errausketan ikertzea ere beharrezko ikusten dut, ingurumenagaz errespetagarriagoa izan dadin, hain  zuzen. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!