Herriaren Eskubidea: "Durangarrek iritzia eman ahal izatea oinarrizko gauza da"

Anboto 2016ko urr. 28a, 09:46

Jorge Varela zinegotzia, Neskutz Rodriguez batzarkidea eta Julián Ríos zinegotzia.

Herriaren Eskubidea alderdiak mahaiak ipiniko ditu kalean, herritarren proposamenak jasotzeko. Ideia horiekin, 2017ko udal aurrekontuari ekarpenak egingo dizkiote, eta baita Podemos-Ahal Duguren eskualdeko dinamikari zein Batzar Nagusietako lanari.

Azaroaren 4an San Fauston egongo dira mahaiagaz; 10ean Andra Marian; 11n Aramotzen -Herria taberna parean-; 17an Madalenan eta 18an Juan Itziarren. Guztietan 19:00etatik aurrera ipiniko dute mahaia. Horrez gainera, www.propuestaabierta.com webgunea zabaldu dute, ekarpenak Internet bidez egin ahal izateko.

Ekimenagaz, herritarrek aurrekontuaren osaketan "protagonismo handiagoa" edukitzea lortu gura dute, Julián Ríosen arabera: "Durangarrek iritzia eman ahal izatea oinarrizko gauza da. Euren ikuspegia islatzea, eta elkarlanean diru publikoa zertan inbertituko dugun erabakitzea".

Antzeko ildotik, 2016ko aurrekonturako, EH Bilduk auzo batzarrak burutu zituen, eta hango ekarpen batzuk onartu zirelako, aurrekontuaren bozketan abstenitu zen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!