"Euskararen erabilera sustatzeko politikak garatu behar dira"

Aitziber Basauri 2016ko urr. 23a, 10:00
Eneritz Iza (ITG taldeko lehendakaria)

Durangarrek euren egunerokotasunean, eta batik bat erosketak egiterakoan, dituzten hizkuntza ohiturak ikusteko ikerketa soziolinguistikoa egin du ITG Taldeak. Kaleratutako datuen arabera, Durangon %20,7k soilik darabil euskara kalean. 890 inkesta egin zituzten —743 kalean, eta 147 on-line— 2016ko ekainaren 13tik uztailaren 20ra bitartean. Durangoko Udaleko Euskara Zerbitzuaren laguntza izan dute lan honetarako.

Durangarren %20,7k baino ez darabil euskara kalean. Ezagutza, berriz, %60-70 artekoa da. Harritu egin zaituztete datu hauek?
Kontua da askok ezagutzen dutela euskara, baina gero, erabili, gutxik erabiltzen dute. Horren arrazoiak ezagutu gura genituzke, gero datuok zelan hobetu ikusteko. Jakitea eta ez erabiltzea... atentzioa ematen du. Gainera, aldea handia da.

Zergatik alde hori?
Ohiturak dira. Baliteke gure artean komunikatzeko euskara erabiltzea, baina, denda baten sartzean, badaezpada, lehenengo berba gaztelaniaz esateko ohitura dugu. Hartara, denok ulertuko dugu. Bai dendariak, bai bezeroak, badakite euskaraz. Hori da errealitatea. Baina gaztelaniara jotzen dugu.

2013ko azaroan egindako I. Inkesta Soziolingustikoak emandako datuekin alderatu dituzue azken hauek.
Bai. Hala ere, erabilpenak desberdinak dira. 2013an egindako inkesta hura Durangoko merkatariei zuzendutakoa zen, eta oraingo hau bezeroei begirakoa da. Beraz, ikuspuntuak ere desberdinak dira.

Zein izan da II. Ikerketa Soziolinguistikoaren helburua?
Soziolinguistika klusterrak Euskal Herriko Hizkuntzen Kale Erabileraren VI. Neurketa argitaratu zuen 2011n. Ordukoak dira EUSTATek Durangorako argitaratutako azken datuak ere. 2013an, berriz, Durangoko merkatariei egindako I. Inkesta Soziolinguistikoa argitaratu genuen, merkatarien kontzientziazio maila ikusteko. Oraingoan, bezeroengana jo dugu. 2011tik hona aldaketarik egon den ikertu dugu. Ikusi dugu ez dela aldaketa esanguratsurik egon. Salerosketak Be, Euskaraz kanpainak duen eragina ere ikusi gura izan dugu. Nolako garapena dagoen ikustea da helburua. Durangoko Euskara Zerbitzuagaz batera gabiltza, eta beraiei ere interesatzen zaie jakitea egiten diren politika edo ekimenek eragina duten ala ez.

Eta badute eraginik?
Ez nuke jakingo erantzuten. Zenbait tokitan, euskara erabiltzen ez dugula-eta, jendea kontzientziatzen ari dela uste dut. Beste kontu bat da hori aldatzeko gogorik dugun ala ez.

Inkestatuen %46,4k ezagutzen du ‘Salerosketak Be, Euskaraz’ proiektua, edo zerbait entzun du horretaz. Nola baloratzen duzue hau?
Guretzat datu positiboak dira, kontuan hartuta nolako ekimena den, eta ez dugu askorik iragartzen: zuek egindako zabalkundearen bidez, eta dendetan jarritako pegatinen bidez ematen da ezagutzera. Gainera, batzuek ez dute izenez ezagutzen, baina badakite ipad bat zozkatzen dela. Hala ere, ekimena ezaguna izan dadin, dendariak inplikatu egin behar dira. Eta proiektu honetan sinesten badute, bezeroen artean zabalduko dute. Batzuetan, lanpetuta daudelako, edo beste arrazoiren bategatik, ez da ondo zabaltzen. Txartela ematen da, baina bezeroak ez daki zertaz doan ere. Dena den, lehen baino askoz gehiago ezagutzen da orain. Gure helburua, berez, ez da ekimena bera ezagutzera ematea, apurka-apurka euskara egiten joatea baizik. Dendariek saldu beharko lukete proiektua, baina, ez dute interes askorik horretan.

Euskararen erabilera bultzatzeko politikak behar direla erakutsi du neurketak. Zer egin beharko genuke herritarrok edota administrazioak?
Datuak direnak dira; oso baxuak dira. Euskararen erabilera sustatzeko politikak garatu behar dira. Hori erakusten dute datuek. Hala ere, bakoitzak bere arloan ikusi beharko du zer egin. Zerbait egin beharra dagoela ikusita, guk zenbait proiektu ipini ditugu martxan. Adibidez, Salerosketak Be, Euskaraz proiektua. Euskaraz egiten ahaleginduz gero, zozketan parte hartzeko aukera ematen dugu. Hala ere, gauza asko egin daitezke, bakoitzak bere esparruan.

Egin berri duzuen ikerketa honetan erosketen esparrura mugatu zarete. Ildo horretatik, bezero-merkatari arteko euskararen erabilera %10-30era mugatzen da Durangon. Eta %9,2k baino ez dio esaten lehenengo hitza euskaraz bezeroari.
Kontziente gara horrela dela. Dendara goazenean, euskaraz jakinda ere, zergatik egiten dugu gaztelaniaz? Ohitura kontua delakoan nago. Hori da errealitatea, eta EUSTATek ere baieztatu izan du hori: Durangon, eta Durangaldean ere bai, erosketak gaztelaniaz egiteko ohitura dago. Esparru horretan lanean hasi behar genuela ikusi genuen.

Esparru honetan, zeintzuk dira etorkizunera begirako erronkak?
Salerosketak Be, Euskeraz ekimenagaz jarraitzeko asmoa dugu. Aztertu beharko dugu nola bideratu. Durangoko Udaleko Euskara Zerbitzua ere jarraitzeko prest dago, gainera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!