Durangoko gazteek iaz ekin zioten etxebizitzaren inguruko gogoeta egiteari. Duela urtebete Durangon 1576 etxebizitza hutsik zeudela salatzeari ekin zioten, eta ondoren manifestaldi bat burutu zuten. Zabaladuko ditugu, gazteok etxebizitza eskubidea! lemapean, ehundaka gaztek parte hartu zuten. "Aurten 1576 etxe horietatik apurka-apurka batzuk zabaltzea dugu helburu", diote gazteek.
Udalak gazteen etxebizitza arazoak konpontzeko abiarazitako programaren inguruan ere hausnartu dute. Diotenez, udalaren egitasmoak ez du helburua bete. Egoera horren aurrean, gazteek proposamenak egin dituzte. "Alde batetik, udalaren programa gazteen baldintzetara egokitu behar da, alokatzeko baldintzak gogorregiak baitira, eta horrek programan sartzera oztopatzen baititu. Beraz, baldintza duinetan oinarritua egongo den alokairu soziala proposatzen dugu". Horretarako, etxebizitzak behar direnez hainbat etxe zabaltzea proposatzen dute. "Alde batetik, bankuen etxebizitza hutsak udalak kudeatzea proposatzen dugu, horretarako banketxeekin akordioetara iritsi daiteke hainbat herritan egin den bezala. Horrez gain, udalak izan ditzakeen etxe hutsak ere, alokairu sozialerako programa horretan txertatzea nahi dugu". Proposamen horiek martxan jartzeko lanean jarraituko dutela aurreratu dute gazteek.