EH Bildu:"Hau ez da makina baten akats puntual bat; kale garbiketaren kontratua berrikusi beharra dago"

Anboto 2016ko urr. 7a, 18:49

EH Bilduk dioenez, gaur goizeko olio isurketarekin, "agerian geratu da kale garbiketa eta hondakin solidoak biltzeko zerbitzu-kontratua luzatzea hautu txar bat izan zela". Gaineratu dutenez, "gertakari honen atzean dagoena ez da garbiketa makina baten akats puntual bat, kale garbiketan diharduten langileek behin baino gehiagotan adierazi duten arazo bat baizik: kale garbiketaren kontratua berrikusi beharra dagoela, ez dagoelako Durangok eta durangarrok ditugun beharrizanetara egokitua".

EH Bilduren esanetan, pasa den maiatzeko ohiko osoko bilkuran beste 9 hilabetetarako luzatu zen kale garbiketa eta hondakin solidoak biltzeko zerbitzu-kontratua. Kontratu hau duela 10 urte sinatu zen lehenengo aldiz, eta 2014an aurreikusten zen bi urteko luzapena egin zen. "Kontratu berri bat sinatzeko ordua iritsi zenean berriz, 2016ko ekaina, EAJ eta PSEk osatzen duten udal gobernuak ez zituen lanak eginda. EH Bildutik kontratua agortzen zegoela gogorazten ibili izan ginen Garapen Jasangarriko komisioan hilabete luzez, hala ere, beste behin, gobernu taldeak entzungor egin zien gure hitzei. Eta eztabaida horrenbeste atzeratu zuten, kontratu berria sinatu behar zen unean ez zela denborarik egon. Horren aurrean udal gobernuaren erabakia duela 10 urteko kontratu horri ezohiko luzapena egitea izan zen, 2006ko kondizio eta termino berdinetan". 

Koalizioak azaldu duenez, "gaur, olio isurketa honekin, agerian geratu da erabaki hori hautu txar bat izan zela, EH Bilduk esan bezala. Gertakari honen atzean dagoena ez da garbiketa makina baten akats puntual bat, kale garbiketan diharduten langileek behin baino gehiagotan adierazi duten arazo bat baizik: kale garbiketaren kontratua berrikusi beharra dagoela, ez dagoelako Durangok eta durangarrok ditugun beharrizanetara egokitua". 

EH Bilduren arabera, Garapen Jasangarriko batzordean udal teknikariak aurkeztutako txostenak argi esaten zuen kalea garbitzeko ibilgailuak berriztu beharrean zeudela, guztiz zaharkiturik baitzeuden, "baina udal gobernu taldeak, beste behin, ez zuen jaramonik egin". 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!