Ikerketaren emaitzetan oinarrituta etorkizuneko erronkei heldu gura die Gerediagak. "Nola iritsi inoiz Azokara gerturatu ez direnengana, nola erakarri euskal hiztunak ez direnak, nola ezagutarazi Azokako gune ezberdinak eta euren egitaraua...".
Durangoko Azoka bisitatzen duenak behin baino gehiagotan errepikatzen du bere bisita, eta azken urteetan Azokak hobera egin duela uste du. Hori da Deustuko Unibertsitateko Euskal Gaien Institutuak egin duen ikerketaren ondorio nagusietako bat. Siadeco ikerketa etxearekin eta Gerediaga elkartearekin elkarlanean egindako lan hau modu ofizialean aurkeztu da gaur, Deustuko Unibertsitatean.
Aurkezpenean ikerketaren bultzatzaileek parte hartu dute: Xabier Landabidea (Euskal Gaien Institutua, Deustuko Unibertsitatea), Juanjo Allur (Siadeco) eta Aitziber Atorrasagasti (Gerediaga Elkartea), Gerediagako presidente Nerea Mujikarekin batera.
Gerediagak azaldu duenez, Durangoko Azokako bisitarien erradiografia egin dute ikerketa honetan. Hona hemen emaitzak.
Honakoak dira ikerketaren ondorio nagusietako batzuk:
Bisitariaren profila
-Adina: Azokak jende gazte ugari erakartzen du: herena pasatxo (%34,2) 16-29 urte arteko gazteak dira. Bisitariaren adinaren batazbestekoa 37 urtekoa da (16 urtetik beherakoak kontuan hartu barik). Emakumezkoak gehiengoa dira: %57.
- Hizkuntza: 10 lagunetik 9 euskal hiztunak dira, erdiak baino gehiago (%55) euskaldun zaharrak, laurden bat euskaldun berriak eta 10etik 1 jatorrizko elebidunak.
- Ikasketak eta lan-egoera: oro har, goi mailako ikasketak egindakoak gehiengoa dira, zehazki, %56, 30-45 adin tartean; eta alor publikoan enplegatutakoak ere asko, 3 bisitaritik 1, 30 urtez gorakoen artean.
- Bizitokia: Azokako bi bisitaritik bat bizkaitarra da eta hirutik bat baino gehiago Gipuzkoatik dator. Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetatik datozenak gutxiago dira: %7 arabarrak, %6 nafarrak eta %2 Ipar Euskal Herrikoak.
Zerk erakartzen du?
Euskal kulturaren eskaintza zabala izatea eta Azokan sortzen den giroa, biak dira Azokako bisitariak erakartzen dituen faktore garrantzitsuak. Bisitariaren iritziz, bikoitza da euskal kulturaren munduan Azokak betetzen duen funtzioa; batetik, funtzio ekonomikoa dago, eta, bestetik, funtzio sozial edo sinbolikoa.
Nolakoa da bisitariaren fidelizazio-maila?
10etik zazpi (%70) ohiko bisitariak dira, datu altua da hori; Durangoko Azokak lortu du, beraz, bisitaria fidelizatzea. Bisitari bakoitzak, batazbeste, 13 edizio ezberdinetan hartu du parte. Gainera, jendea gero eta gazteagoa denean joaten da lehen aldiz Azokara.
Azokaren kultur eskaintza ezagutzen du?
Landakoko liburu, disko eta bestelako produktuen standak ia bisitari guztiek ezagutzen dituzte. Erdiek baino gehiagok, ostera, ez dute Azokako hainbat gune ezagutzen: Kabi@, Saguganbara, Irudienea eta Szenatokia.
Ekitaldi eta adin tarteei dagokionez, berriz, Areto Nagusiko hitzaldi eta jardueretan interesatuagoak daude 45 urtetik gorakoak. Gazteek Ahotsenearekiko interesa agertzen dute, eta Saguganbaran 30-45 urte bitarteko gazte-heldu edo guraso gazteek.
Zein da bisitariaren kultur kontsumoa?
Batazbeste 65 euroko gastua egiten du bisitari bakoitzak Azokan: 35 euro inguru liburutan, 19 euro diskotan eta 11 bestelako produktutan.
Azokaren bilakaeraz
10etik zazpik uste du azken bost urteetan Azokak hobera egin duela, %18entzat bere horretan mantendu da, %9k erantzun du ez dakiela eta %3entzat bilakaera negatiboa izan da.
Datuen arabera, bisitarien fidelizazioa oso altua dela nabarmendu dute antolatzaileek. Horrez gain, bisitari gazteen kopurua ere oso altua dela azaldu dute, "horrek transmisioan duen garrantziarekin". Azokaren bilakaerari ere "balorazio positiboa" ematen diote.
Ikerketaren emaitza "baikorrek", Azokaren 51. edizioa prestatzeko "pilak kargatu" dituztela dio Gerediagak. "Baina badira oraindik Azokak aurrez aurre dituen erronkak: nola iritsi inoiz Azokara gerturatu ez direnengana? Nola erakarri euskal hiztunak ez direnak? Nola ezagutarazi Azokako gune ezberdinak eta euren egitaraua?".