Durangon %20k soilik darabil euskara kalean

Anboto 2016ko urr. 5a, 12:30

Durangarren %20k soilik darabil euskara kalean, ITG taldeak egindako ikerketaren arabera -2011n datu berbera atera zuen Eustatek-. Ezagutzaren portzentajea %60 eta %70 artean egon arren, euskara erabiltzen dutenen kopurua askoz baxuagoa da, beraz.

Etxeko erabilera ere baxuagoa da, hain gutxi ez izan arren: %40. ITG taldeko Eneritz Izaren ustez, ikerketa soziolinguistikoak erakusten du euskara bultzatzeko politikak beharrezkoak direla. Martitzenean eman zituzten datuak, Aitziber Irigoras alkateagaz eta Guillermo Oarbeaskoa Dendak Bai elkarteko kideagaz.

890 inkesta egin dituzte ikerlariek –743 kalean eta gainerakoak internetez–, 16 urtetik gorako pertsonen artean. Azaldu dutenez, garrantzia eman diote adinari edota sexuari, eta auzoen araberako arteko oreka mantentzeari ere bai.

Salerosketei dagokienez, %10 eta %30 artean kokatzen da erosketak euskaraz egiten dituztenen kopurua.

ITG taldeak 2013an ere burutu zuen ikerketa soziolinguistiko bat -kasu hartan merkatariekin-, eta aparte, komertzioetan euskararen erabilera bultzatzeko ekimen bat dauka martxan. Salerosketa batean euskara erabiltzen duten bezeroen artean, Ipad batzuk zozkatzen dituzte, oparia ohiturak aldatzeko pizgarri izan dadin.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!