Alderdi politiko guztiak, ikastetxeetako zuzendariak, kultur eta kirol taldeetako kideak, merkatariak, tabernariak, erakundeak -ANBOTOk ere bat egin du-... Argazki anitza lortu du akordioaren sustatzaile den Udal Berdintasun Kontseiluak. Bertaratutakoek akordioa sinatu dute argazkia atera aurretik. Hainbat konpromiso hartu dituzte bat egiterakoan: norbere lokal edo espazioan eraso sexisten aurka jokatzea; ekintzarako udal protokoloa aplikatzea; sentsibilizazio kanpainan parte hartzea; indarkeria kasuak egonez gero protestetan parte hartzea; gertatutakoa salatzeko komertzioa edo jarduera etetea adostutako tartean; norbere lokaleko puntu beltz posibleak zaintzea; eta norbere ardurapeko langileei akordioaren garrantzia trasmititzea.
"Erasotzaileek sentitu beharko lukete beldurra"
Aitziber Irigoras alkateak eta Pilar Ríos alkateordeak irakurri dute mezua. Herritarrei zuzendu zaizkie:"Durangon erasoren bat ikusten baduzu, ez justifikatu, ez onartu, mugi zaitez!". Adierazi dute indarkeria sexista gizarte arazoa dela, ez emakumeena soilik. Neskek defendatzeko duten eskubidea aldarrikatu dute, baita aske eta seguru ibiltzekoa ere. Gainera, emakumeek barik "erasotzaileek sentitu beharko lukete beldurra", euren ustez. "Erasotzaileek Durangon gaitzespen soziala sentitzea nahi dugu. Matxistek, erasotzaileek, ez dute lekurik gure jaietan, eta ez dute gure isiltasunaren babesik izango".