Nagusien jantoki publikoa zabalduko dute Durangon urriaren 24an

Anboto 2016ko ira. 28a, 08:52

Ikastaroen aurkezpeneko irudia, Adinekoen Udal Egoitzan

2016ko aurrekontuan jasotzen den proiektu honegaz, nagusien autonomia sustatzea eta hartuemanak lantzea gura dute udal arduradunek. EAJ eta PSE-EEren gobernuaren egitasmoa EH Bilduk eta Herriaren Eskubideak babestu dute osoko bilkuran, eta PP abstenitu da.

Herriko pertsona nagusiei laguntzeko pauso esanguratsu bat emango du Durangoko Udalak. Jantoki publikoa zabalduko du urriaren 24an, 75 urtetik gorakoentzako eta arazoak dituzten 65 urtetik gorakoentzako. Adinekoen Udal Egoitzan (Pablo Pedro Astarloan) egongo da jantokia, eta astelehenetik barikura bitartean, 13:00etatik 14:30era eskainiko dute zerbitzua. Bi txandatan banatuko dute ordutegia– 13:00etan eta 13:45ean– eta guztira 50 lagunek jan ahalko dute bertan.

Pentsioaren arabera ezarriko dute prezioa; 800 eurotik beherako pentsioa dutenek 3,5 euro ordainduko dute menua, eta 800dik gorakoek 6 euro. Bikote izanez gero, 6 edo 10 euro ordainduko dute pentsio mailaren arabera. Erabiltzaileek karnet bat atera beharko dute egoitzan bertan.

Irizpideen inguruan
Pentsioak barik, prezioak ezartzeko irizpidea errenta aitorpena izatea eskatu dute EH Bilduk eta HEk, “justuagoa” delakoan. Pilar Ríosek (PSE-EE) gobernuaren izenean esan du aukera hori aztertu dutela, baina udalarentzako lan karga handiegia dela. Bestalde, egitasmoaren lanketan parte hartu ahal izatea eskatu oposizioko biek, gobernuari kritika eginez; Ríosen arabera, egon da denbora ekarpenak egiteko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!