27 herritar modelo izango dira egun batez, Durango Fashion Gauean. Durangoko 22 dendatako arropa eta osagaiak eroango dituzte soinean -aurtengo udazken eta negukoak-, Andra Mariko elizpean ipiniko den pasarelan. Hilaren 30ean izango da, 20:30etik aurrera. 27 lagun horiek ekainean deitutako casting batean hautatu zituzten. Miren Garrastazu teknikariak kontatu du 70 bat lagun aurkeztu zirela, eta 27etatik gehienak durangarrak izango direla, adin askotakoak. Bertako modeloez gainera, beste 11 profesionalek parte hartuko dute desfilean. Yolanda Alzola telebistako aurkezle durangarrak gidatuko du gala.
Fashion Gauaren aurkezpenean Folder dendako Amaia Palacio eta Oliver dendako Agurne Azkarate ere egon dira. Euren arabera, merkatariak pozik daude ekimenagaz, eta asko animatu dira parte hartzera. Eusko Jaurlaritzak eta Durangoko Udalak babestu dute ekimena, eta horregatik, Mari Jose Balier egon da udalaren izenean.
Zozketa eta beherapenak
Bestalde, Dendak Bai elkarteak zozketa bateko kupoiak banatuko ditu etxerik etxe, eta maskota batek kalean ere emango ditu. Gainera, urriaren 1ean, erosketak %5 merkeago egin ahalko dira Durango Txartela erabilita.