Kulturaren bidez zabalduko dute presoen eskubideen aldeko aldarrikapena; herriko hainbat sortzailek parte hartuko dute ekitaldian. Ibilbidea hasteko, Santa Anatik Kurutziagara joango dira, eta han, antzerki bat eskainiko dute Karrika taldekoek. Bigarren geltokia Andra Marin kokatuko dute, musikari lekua eginez. Hirugarren geralekua Plateruena izango da, eta literatura errezitaldi bat eskainiko dute. Azkenik, berriro Andra Marira hurreratuko dira, mobilizazioa amaitzeko. Dantza erakustaldiaren txanda izango da, iragarri dutenez. Eguerdirako aurreikusi dute azken saio hori, 14:00etarako.
"Eskubide urraketak"
Trenaren dinamikagaz, preso eta iheslarien "eskubide urraketak" salatzea eta euren etxeratzea eskatzea gura dute, prentsaurrekoan azaldu dutenez. Durangoko hamabi lagun daude preso, eta dispertsioaren eraginez euren senideek 16.000 kilometro egin behar izaten dituzte bisitatzeko. Gainera, gaixo larrien zerrendan dagoen Gorka Frailek "bizi baldintzetan gabezia nabarmenak" dituela salatu dute.