Nagusientzako ikastaroek helburu argia daukate, gainera: zahartze aktiboa sustatzea eta euren autonomia ahalik eta gehien luzatzea.
Bost programatan
22 ikastaroak bost programatan banatuta daude. Esperientzia Institutuan, adibidez, 55 urtetik gorakoek euren heziketagaz jarraitzeko saioak topatuko dituzte. Lagunkide programagaz, eguneroko eginkizunetarako beste norbaiten beharra dutenen laguntzaile bihurtuko dira nagusiak. Zaindu programa dependentzia duten senideei bideratutakoa da, zaintza eramangarriago egin ahal izateko. Zahartze aktiboari lotuta, ikastaro ugari eskainiko dituzte: antzerkia, gimnasia, euskara, meditazioa, irakurketa erraza, informatika, erorketen prebentzioa...
Auzoetara hedatzen
Bestalde, 80 urtetik gorakoentzako programan nobedade esanguratsu bat dago. Izan ere, ikastaroak Durangoko beste auzo batzuetara hedatzea erabaki du udalak, asistentzia errazteko asmoz. Hain zuzen ere, San Fausto, Aramotz eta Madalenara hedatuko ditu.
Durangoko Adinekoen Udal Egoitza alde zaharrean dago, Kurutziagan. Bertan egiten dituzte ikastaro eta berbaldirik gehienak, eta berez herriko erdigunean egon arren, auzo batzuetako nagusientzat urrun geratzen da. Udalaren ustez, 80 urtetik gorako nagusi batzuek ez dute parte hartzen euren etxetik egoitzara dagoen distantziagatik. Horrela, San Fausto, Aramotz eta Madalenako auzoetan ere ikastaroak eskaintzea erabaki dute.
Ongizate emozionala
Durangon 1.840 lagun 80 urtez gorakoak dira, horietatik %65 andrak. Biztanle horien autonomia sustatzea da udalaren helburu nagusia, ahalik eta denbora gehienean era autonomoan bizitzen laguntzea. Horretarako, euren ongizate emozionala ere landuko dute ikastaroetan.
Inskripzioa, martxan
Dagoeneko martxan dago ikastaroen inskripzioa. Irailaren 20ra arte eman ahal da izena, eta 23an zozketa egingo dute. Gero, hilaren 26tik urriaren 10era bitartean, behin betiko matrikularako ordua izango da, zozketan lekua tokatu zaienen artean.Urteko ikastaroek 12 euro balio dute, eta informatikakoak doan dira.
Diru-laguntzak ere egongo dira eskura udaletxean.
Bizidun
Bestalde, udaleko egitarauaz gainera, Durangaldean sortutako nagusi aktiboen Bizidun elkarteak berbaldiak eta ibilbideak antolatzen ditu, besteak beste.
Bizidun elkartekoen berbaldi baten ostean ateratako argazkia