Antzerkiaren bidez, gorputza eta burua kontrolatzeko gai dira gazteak

Anboto 2016ko ira. 14a, 11:30

Ikasleak antzerki eskolan.

Udako oporrak bukatuta, eskolara bueltatzeko ordua heldu zaie hainbat gaztetxori. Eskola orduek garrantzi handia dute beraien heziketan, baina, ez da gutxiagorako aisialdiak duena. Ume eta gazteen eskolaz kanpoko orduetan aisialdia nagusi izan dadin, Berbarok eta Karrika Antzerki  Taldeak pauso garrantzitsua eman zuten iaz.

Lehengo urteaz geroztik, Karrika Antzerki taldeko kideak antzerki eskola eskaintzen dabiltza eskola orduetatik kanpo Kurutziaga Ikastolan. Eta aurrera begira, beste ikastetxe batzuetara zabaltzea edo beraiek gazteentzat antzerki eskola bat sortzea helburu dutela adierazi du Maite Lopez Karrikako kideak.

Pasa den Aste Santu bueltan, proiektua martxan jarri eta 50 bat gaztek beraien gorputzagaz eta imajinazioagaz jolastu eta istorio ezberdinak sortzea izan zuten helburu.  

Lanketa berezia
Gazteak antzerkigintzara hurbiltzeak duen garrantziaz konturatuta, eta egiten duten hori beraiei gustatu egin behar zaiela jakinda, Karrikako kideek teknika bereziak erabili zituzten, eta erabiliko dituzte, hemendik aurrera.

Lehenengo eta behin,  lotsak alde batera uztea eta norberaren gorputzagaz jolasten ikastea da Karrikako kideen helburua. Hori lortzeko, hasierako hilabeteetan jokoak izaten dira nagusi antzerki eskolan. Lopezen hitzetan, “jendearen aurrean hitz egiteari edo egote hutsari lotsa kentzea ezinbestekoa da antzerkigintzan aritzeko. Eta beldur hori kentzeko, teknikarik aproposena jokoak egitea da, gure buruarengan konfiantza izateko”.

Behin konfiantza hartuta, hurrengo hilabeteetan sorkuntzan eta antzerkigintzan oso-osorik murgiltzen dira. Eta, horretarako, aurrez sortu dituzten edo Karrikako kideek egin dituzten gidoiak erabiltzen dituzte beraien istorioak egiteko.

Behin aurretiazko lan guztia eginda, lotsak kenduta eta gidoia buruz jakinda, jendaurrean antzeztea besterik ez dute  helburu izaten gaztetxoek.

Artearen garrantzia
Jendaurrera irtete hori pauso garrantzitsua izaten da gazte zein helduentzat. Askorentzat besteen aurrean hitz egitea erronka bihurtzen da askotan. Antzerkigintzak eta sorkuntzak istorioak jendaurrean kontatzeko gaitasuna eskaintzeaz gain, beste hainbat teknika ere ematen dute.

Esaterako, gazte zein helduei beraien sentimenduak, gorputza, burua... kontrolatzeko gaitasuna ematen die.

“Artea txikitatik lantzea oso garrantzitsua da, antzerkiak autonomo izateko hainbat baliabide eskaintzen ditu eta. Antzerkiak pentsatzen hasteko eta beraien imajinazioa martxan jartzeko aukera paregabea eskaintzen die gazteei. Gainera, teknika ezberdinekin jendaurrean nola jokatu ere ikasten dute”, aitortu du Maite Lopezek.

Hemendik aurrera, hasi berri duen ibilbide berri honi jarraipena ematea du helburu Karrikak. Lopezek baieztatu duenez, “antzerki eskolak izan zuen erantzun bikaina ikusita, gaztetxoekin lanean jarraitzea da gure helburua” .

Gainera, antzerki eskolaren proiektuari forma eman eta inguruan hau zabaltzea gura dutela baieztatu du.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!