Ikasleen bizipenak
20 urteko markinarra da Maitane Osa, eta Helduen Hezkuntzako Ikastetxean Bigarren Hezkuntza amaitzen duenean erdi mailako gradua ikasi gura du ikus-entzunekoen arloan; Senegalen jaio zen 33 urteko Diatta, eta duela zortzi urtetik Iurretan bizi da. Bigarren Hezkuntza amaitu eta ikasten jarraitu gura du Diattak ere. Ikaskideak izan dira Osa eta Diatta aurreko ikasturtean, eta bien ustez, ikaskideen artean sortzen den harremana aberasgarriagoa izatea dakar klasean jatorri desberdinetako jendea elkartzeak. “Zerbait ondo ulertzen ez dudanean, nire ama hizkuntza dakien ikaskide bati galde diezaioket, edo baita laguna dudan Maitaneri ere. Oso harreman polita dugu”, dio senegaldarrak. Kulturari, adinari, generoari, hizkuntzari, zein erlijioari dagokionez ere oso anitza da ikastetxeko errealitatea. Urtero izaten dituzten 800 matrikulazioetatik bi heren etorkinenak izaten dira: senegaldarrenak, errumaniarrenak, peruarrenak, brasildarrenak...
Ainhoa Imaz eta Rakel Aldekoa irakasleek ere uste dute Helduen Hezkuntzako Ikastetxeko geletan dagoen aniztasuna onuragarria dela. Helduen hezkuntzan jarduteak, gainera, beste abantaila batzuk ere badauzka euren aburuz: “Hemen ez dago diziplina arazorik, ikasleekin daukagun harremana zuzenagoa eta aberasgarriagoa da”.
Matrikula egiten duten pertsonen hezkuntza mailari dagokionez ere, aniztasuna da nagusi, Durangoko Helduen Hezkuntzako Ikastetxean: batzuk aurrez ez dira sekula eskola batean ibili, eta irakurri eta idazten ikasi behar dute lehenengo; beste batzuek ikasketak burutu zituzten euren herrialdeetan, baina ez dute titulazioa baliozkotzea lortu.
Hezkuntza arautuko titulazioak eskuratzeko zein hezkuntza ez arautuan hainbat arlotan trebatzeko aukera eskaintzen du Helduen Hezkuntzako Ikastetxeak: atzerritarrentzat gaztelania, ingelesa, informatika eta goi mailako zikloetarako zein unibertsitaterako sarbiderako ikastaroak ematen dituzte.