Athleticeko neskentzako gabarrak eginez hasi dute ikasturtea Maristetan

Anboto 2016ko ira. 9a, 13:57

Maristak ikastetxeko ikasleek erronka baten bidez hasi dute ikasturtea. Talde lanean oinarrituta, Athleticeko neskentzako gabarra ereduak sortu zituzten atzo eskulanekin.

Talde lanaren bitartez erronkei aurre egitea. Hori da Maristak ikastetxean garatzen duten filosofia -Maristak Learning System izenekoa-, eta ikasturte hasieran, eredu horretara ohitzen joateko ariketa ludikoa egin dute. Gainera, ukitu soziala eman diote: parekidetasuna izan da gaia, Athleticeko neskentzako gabarra eskaria, hain zuzen ere. Iaz errefuxiatuen gaia landu zuten, adibidez.

500 bat ikasle gazte dituzte Maristetan, eta gela bakoitzean urte osorako taldetxoak sortu dituzte, lau-bost lagunekoak. Taldetxo bakoitzak gabarra bat landu du kartulina, poltsa, puxika eta tutuekin, eta gero, gelako onena aukeratu dute. Azkenean, patiora atera dituzte, eta uretan probatu dituzte.

Euren ikasteko sistemagaz, ikasle bakoitzaren gaitasunak taldearen mesedetan indartu gura dituztela azaldu du Dani Irazola zuzendariak: "Ikasleek talde lanaren garrantzia eta proiektu berritzaileak garatzeko prozesuak barneratzea gura dugu. Bakoitzaren iritzia eta iniziatiba taldearentzat zein garrantzitsua den ulertzea gura dugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!