Durangoko Astarloa kalea oinezkoentzako izango da, momentuz hilabeterako

Anboto 2016ko ira. 7a, 13:37

Pedro Pablo Astarloa kalea oinezkoek bakarrik erabili ahalko dute hile bateko epean, proba modura. Udalak herriko trafikoa lasaitzeko garatutako ildoaren baitan kokatzen da, eta hilaren 16tik aurrera garatuko den Mugikortasun Asteagaz lotu dute proba. Balizko onurak eta arazoak aztertu ostean, trafikorako behin-betiko itxi ala ez erabakiko dute. 

Edozelan ere, Aitziber Irigoras alkateak uste du "arrakasta eduki eta behin-betiko ixteko bokazioa" duela proiektuak. Eskola Agenda 21eko ikasleek proposatutako neurria da. Hain zuzen ere, kalean bertan dagoen Jesuitak ikastetxekoek. Aitor Larruzea teknikariak esan du goizeko orduetan 5.000 oinezko pasatzen direla kale horretatik, eta 3.000 auto egun osoan.

Udalak auzokideekin eta merkatariekin berba egin du, eta "harrera oso ona" izan dela azaldu du alkateak. Kalean, gerora kentzeko moduko aulkiak eta jardinerak ipiniko dituzte, 14.000 euro inbertituta. Autoz Kurutziagara joan gura dutenak, Arandoño Torretik sartu ahal dira.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!