San Fausto, Aramotz eta Madalenan ere eskainiko dituzte nagusien ikastaroak

Anboto 2016ko ira. 5a, 12:04

80 urtetik gorakoentzako ikastaroak Durangoko beste auzo batzuetara hedatzea erabaki du udalak, asistentzia errazteko asmoz.

Durangoko Adinekoen Udal Egoitza alde zaharrean dago, Kurutziagan. Bertan egiten dituzte ikastaro eta berbaldi gehienak, eta berez erdigunean egon arren, auzo batzuetako nagusientzat urrun geratzen da. Udalaren ustez, 80 urtetik gorako nagusi batzuek ez dute parte hartzen euren etxetik egoitzara dagoen distantziagatik. Horrela, San Fausto, Aramotz eta Madalenako auzoetan ere ikastaroak eskaintzea erabaki dute. Durangon 1.840 dira 80 urtez gorakoak, horietatik %65 andrak. Biztanle horien autonomia sustatzea da udalaren helburu nagusia, ahalik eta denbora gehienean era autonomoan bizitzen laguntzea. Horretarako, euren ongizate emozionala ere landuko dute ikastaroetan.

Ez bakarrik 80 urtetik gorakoentzako, nagusi guztientzako ikastaroak prest ditu udalak. 554 plaza atera ditu, 22 ikastarotan banatuta. Irailaren 20ra arte eman ahal da izena, eta 23an zozketa egingo dute. Gero, hilaren 26tik urriaren 10era bitartean, matrikula definitiborako ordua izango da.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!