Durangoko udal batzordeak publikoak izango dira aurrerantzean

Anboto 2016ko uzt. 12a, 12:18

Ekaineko osoko bilkurako une bat, adierazpen bat irakurtzen.

Durangoko Udalean egiten diren batzordeak publikoak izango dira aurrerantzean. Horrela onartu zuten azkeneko osoko bilkuran, EH Bilduren ekimenari alderdiek babesa emanda, PPren abstentzioa kenduta. Beraz, hemendik aurrera, sektoreka garatzen diren batzorde horietara joan ahalko dute herritarrek. Hori bai, entzule lez parte hartu ahalko dute bakarrik, udalak kontrakorako bestelako arrazoirik ikusten ez badu behintzat.

Onartutako mozioaren arabera, batzordeen datak eta gai-ordenak webgunean publikatuko ditu udalak, eta burutu ostean, jasotako aktak ere bai. Edozein herritar edo eragilek parte hartu ahalko du entzule lez, eta horretarako, aurrez baimena eskatu beharko du. Gainera, gaiak herritar edo elkarteren bati eragiten badio, batzordera gonbidatzeko konpromisoa hartu du udalak. Lehendik ere, dagoeneko, aukera hori erabili izan dute udalean zenbaitetan.

Udalen euskal lege berriak batzordeak publikoak izateko aukera eskaintzen du, eta hori baliatuta aurkeztu du ekimena EH Bilduk.

Ekarpenik ez
EH Bilduren ekimenari gehigarri bat aurkeztu zion Herriaren Eskubidea alderdiak. Herritar batek, aurretiaz eskatuta, ekarpenak eta proposamenak egiteko aukera jasotzea zen ideia. Baina, kasu honetan, EAJk eta PSE-EEk aurka bozkatu zuten, eta PPk abstentziora jo zuen berriro.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!