Argazki erraldoia atera dute, errefuxiatuei babesa emateko prest daudela esateko

Anboto 2016ko uzt. 7a, 20:31

Errefuxiatuen aldeko plataforma sortu da Durangon, eta argazki handi bat ateratzea izan da euren lehen ekintza. Herritar ugari batu dira deialdira; anitza izan da sektore, alderdi eta adin aldetik ere. Trikitilariek lagunduta kalejira egin dute Andra Maritik Santa Anara, eta hantxe betikotu dute momentua.

Ongi Etorri Errefuxiatuak-Durango plataforma hainbat herritarrek eta zenbait elkarte, sindikatu eta alderditako kideek osatu dute. Gaurko argazkiaz gainera, hurrengo eguenean kontzentrazio bat egingo dute, 20:00etan, Andra Marin.

Gerratik ihesi datozen errefuxiatuen aldeko sentsibilizazioa egitea, eta heltzen direnerako, herria prestatzea dira plataformaren helburuak. Argazkia atera eta gero, plataformaren izenean berba egin dute neska bik. Europar Batasuneko estatuei errefuxiatuen giza eskubideak errespetatzea eskatu diete, eta agintariek iheslarien alde egin dezaten, presioa egingo dutela ere esan dute.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!