LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Eguna dela eta, Durangoko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu du

Anboto 2016ko eka. 29a, 10:14

Durangoko osoko bilkuraren hasieran irakurri zuten adierazpen instituzionala.

Ekainaren 28an LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, Durangoko Udalak adierazpen instituzionala kaleratu zuen atzo. Osoko bilkuraren aurretik, alderdi guztietako zinegotzien artean irakurri zuten idatzia. Testu horretan, udalak dioenez, "aktiboki lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, bereizkeriaren kontra eta LGTB kolektiboa ikusaraztearen alde".

 

DURANGOKO UDALAREN ADIERAZPEN INSTITUZIONALA

EKAINAK 28, GAYEN, LESBIANEN, TRANSEXUALEN ETA BISEXUALEN HARROTASUNAREN NAZIOARTEKO EGUNA

 

Ekainaren 28an LGTB Harrotasunaren Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. Egun horretan, urtero, 1969an New Yorkeko Stonewall tabernan izandako istiluak gogoratzen ditugu. Urte hartan jaio zen gayen, lesbianen, transexualen eta bisexualen askapenaren aldeko mugimendua, eta orduan sustraitu zen mundu osoan eskubide zibil eta sexualak aldarrikatzen dituen mugimendua. Durangoko Udalak sexu eskubideen aldeko konpromisoa berretsi gura du; oraindik, 2016an, kolektibo hori baztertu eta ikusezin bihurtzen delako.

Duela hilabete baino gutxiago, Orlandon berrogeita hamar lagun inguru hil zituzten gay izate hutsagatik. Pulse klubeko sarraski hori historian homofobiak eragindako hilketa latzenetako bat izan da. Homofobiak, lesbofobiak, transfobiak eta heteroarautik irteten den edozein identitateen kontrako gorrotoak eta bazterkeriak sufrimendua eta heriotza sortzen dute, egunero, eta munduko edozein bazterretan. Giza eskubideak eta eskubide sexualak unibertsalak dira, baina gaur egun, 76 herrialdetako legeek homosexualitatea debekatu, jazarri eta zigortzen dute: Saudi Arabia, Brunei, Egipto, Arabiar Emirerri Batuak, Gambia, Jordania, India, Iran, Mauritania, Nigeria, Pakistan, Errusia, Senegal, Somalia, Sudan eta Hego Sudan, Uganda, Yemen, Zimbabwe... eta beste hainbat herrialdetan gertatzen da hori.

Ezin dugu ahaztu hemen ere diskriminatu egiten dela oraindik. Izan ere, gure lantokietan, gure kaleetan eta gure ikastetxeetan, jazarpen egoerak bizi dituzte hainbat emakume, gizon, neskato, mutiko eta nerabek, heteropatriarkatuaren arauak ez jarraitzeagatik.  

Egun hau aldarrikapen eta ospakizun eguna da; eskubideetan egindako aurrerapausoak ospatzen ditugu, eta aldarrikatzen dugu oraindik homofobia existitzen ez dela esateko bide luzea dugula egiteko. LGTB kolektiboak sistema heteropatriarkalaren kontra egin duen borroka sendo eta indartsuari esker, aurrerapausoak egon dira lege berdintasunean edo homosexualitatea eta transexualitatea despatologizatzeko lanean. Baina, dena ez dago lortuta, eta oraindik pauso sendoak eman behar dira norabide horretan.

Bestalde, pertsona errefuxiatuen gaur egungo egoera dela eta, ezin dugu ahaztu egiten diren asilo eskaera asko euren herrian sexualitateagatik jazarrita dauden gizon eta emakumeenak direla.

Horregatik guztiagatik, Durangoko Udalak honakoa adierazten du:

  1. Aktiboki lan egiteko konpromisoa hartzen dugu, bereizkeriaren kontra eta LGTB kolektiboa ikusaraztearen alde. Babestu egingo ditugu eta lan egingo dugu bereizkeria bako mundu baten alde lanean dabiltzan lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen elkarteekin.
  2. Orientazio sexuala edo genero nortasuna edozein dela ere, pertsona guztien berdintasuna lortzeko eta bereizkeriaren kontra egiteko politikak bermatuko ditugu
  3. LGTB kolektiboaren edo pertsonen kontrako eraso eta kriminalizazio guztiak gaitzetsiko ditugu.
  4. Nazioarteko erakundeei eskatuko diegu gai honetan sendo jokatzea eta LGTBren borrokaren aldeko jarrera hartzea. 
  5. Espainiako Gobernuari exijitzen diogu ez ditzala oztopoak jarri beste herrialde batetik datozen pertsonei euren egoera pertsonalaren berri izan barik.
  6. Herritarrak animatu gura ditugu kolektibo honen kontrako jarduerak salatzera eta LGTB harrotasunaren asteko egitarauan parte hartzera.

Udalak bat egiten du eskualdean prestatu den egitarauarekin, eta herritarrak eta kolektiboak animatu gura ditu inongo beldurrik barik kalera ateratzera.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!