Sakabanaketa amaitzea eskatu du Durangoko Udalak, Lupiañezen lagunen istripuaren ostean

Anboto 2016ko eka. 28a, 19:03

Asteburuan auto istripua eduki dute Gorka Lupiañez preso durangarraren lagun bik, Salamancako kartzelara bisitan zihoazela. EH Bilduk, sakabanaketa amaitzea eskatuz mozioa aurkeztu du osoko bilkuran, eta EAJk eta Herriaren Eskubideak babestu dute. Hunkituta, Rosa Mintegi zinegotziak irakurri du mozioa, Lupiañezen izekok, hain zuzen ere. 

Topaseko kartzelan (Salamanca, Espainia) dago Gorka Lupiañez preso durangarra, eta asteburuan bisitan joan zaizkion bi lagunek (lagun bat eta adin txikiko bat) auto istripua eduki dute. Ez dute zauri larririk sufritu, eta bisitara heldu ahal izan dute; hori bai, normalean 40 minutukoa den bisita 15ekoa egin ahal izan dute soilik. Etxeratek salatu du aurten dispertsioaren eraginez gertatutako seigarren ezbeharra dela Lupiañezen lagunena. Gertakariaren harira, mozioa aurkeztu ddu EH Bilduk, eta horrela, sakabanaketa politika amaitzea eskatu du Durangoko Udalak.

Mintegi eta Garate, gertu eta urrun
Rosa Mintegi eta Fran Garate (PP) gertu, elkarren ondoan jesartzen dira; baina, mozioaren eztabaidan Garate urrun agertu da. Mozioa urgentziaz bozkatu behar izan da bilkuran landu ahal izateko, eta Garatek aurka egin du, "urgentziarako motiborik" ikusten ez zuelako. Gero, eztabaidan, ETAri bota dio erantzukizuna: "ETA ez da desagertu. Horregatik, presoen egoeraren ardura ETArena eta presoena eurena da. Oso erraza dute, kode penala beteta. Baina, ez dute justiziagaz kolaboratu gura". Mintegik erantzun dio "garaiak aldatu" direla: "Gu bagabiltza pausoak ematen, eta zuek ere egin beharko duzue zerbait". Aparte, sakabanaketa etetea legea betetzea dela gogoratu dio, PPko zinegotziak beste mozio batean legea betetzearen aldeko mezua bota eta gero.

Horrez gainera, Mintegik adierazi du sakabanaketak "oinaze gehitu batera" zigortzen dituela presoen senideak, eta horregatik ere beharrezkoa dela neurria desaktibatzea. Bestalde, Gorka Fraile gaixorik dagoen presoaren egoera ere azaleratu du, besteak beste.

EAJk eta Herriaren Eskubideak babestu dute ekimena. "Pertsona guztientzat giza eskubideak bermatzea eskatu izan dugu beti", esan du Goiztidi Diaz jeltzaleak. HEko Julia Pererak ere antzera, sendo: "Esaldi bakar bategaz esango dut: Giza eskubideak pertsona guztientzat". Publikoan zeuden herritar batzuek txalo egin dute Pereraren berben ostean.

PSE-EEren alternatiboa
Mozio alternatiboa aurkeztu du PSE-EEk, kartzela politika berri baten alde, baina aldi berean ETAri desegitea eskatuz. Presoei ere "eragindako mina aitortzea" exijitu die.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!