"Ebidentea da aldaketa behar dela, aldaketa merezi dugula"

Anboto 2016ko eka. 22a, 12:57

Elkarrekin Ahal Dugu-Unidos Podemos koalizioak hauteskundeetako informazio mahaia ipini du Durangon. Kongresurako Bizkaiko zerrendan lehen bi postuetan doazen Eduardo Maura eta Rosa Martinez ere egon dira Andra Marin.

"Ebidentea da aldaketa behar dela, aldaketa merezi dugula". Rosa Martinez kongresurako bigarren hautagaiaren berbak dira. Aldaketa horretarako giltza eurei botoa ematean dagoela uste du: "PPren gobernuko urteak amaitu behar dira, eta gaur egun, aldaketaren botoa Elkarrekin Ahal Dugurena da".

Inkesten arabera, domekan erkidegoan irabazi egingo du Pablo Iglesiasen alderdiak, eta hala uste du Maurak ere: "EAJri hegemonia disputatzea posible dela ikusi da". Lurraldeetarako beste politika bat proposatzen dutela dio: "Naziotasunak eta autogobernuak defendatzen ditugu, eta ez auzitegien bidez errekurtsoak ipintzea, Nafarroako erabakiekin egin den lez". PSOEri gobernatzeko akordioa eskaini diote euren alderditik. "Ez dira guk nahiko genituzkeen akordioak, baina hori da hurrengo hamarkadako lerro politikoa. Nazio aniztasunerako eta politika sozialen zeharkakotasunerako aukera bat behar dela uste dugu, herritarren partaidetza handiagoagaz".

Bestalde, Durangoko Udalean lanean dabiltzan hiru zinegotziak babestu ditu Maurak: "Durangora askotan etorri izan gara, traba burokratikoen aurka borrokan dabiltzan aldaketaren zinegotziak ditugulako. Lan handia egiten ari dira, eta babestu gura ditugu".

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!