Errefuxiatuen aldeko bandera eskegi dute Durangoko udaletxean

Anboto 2016ko eka. 20a, 16:51

Durangoko Udaleko alderdiek errefuxiatuen aldeko adierazpena onartu dute aho batez, errefuxiatuen nazioarteko egunaren harira. Besteak beste, Espainiako Gobernuari 15.000 errefuxiatu jasotzeko konpromisoa betetzea eskatu diote.

Hemen alderdiek onartutako adierazpena, berbarik berba:

 

Behean sinatzen duten talde politikoek berretsi egiten dute Eusko Legebiltzarrean errefuxiatuen Giza Eskubideen defentsan onartutako konpromisoa.

 

-Gogoratzen du pertsona errefuxiatuek miseriatik, askatasun-faltagatik, indarkeriatik, gerratik eta Giza Eskubideen urraketetatik egiten dutela ihes. Horregatik, Europar Batasunari eta Estatu kideei premiazko erantzun humanitarioa exijitzen die. Erantzun horren oinarri izango dira asilorako Nazioarteko Zuzenbidea, nazioarteko Hitzarmenak eta Europar Batasuneko Oinarrizko eskubideak.

-Erabat gaitzesten eta salatzen du EB-Turkia akordio lotsagarria, nazioarteko arau anitz urratzen dituena Giza Eskubideen eta pertsona migratzaile edota errefuxiatuen eskubideen arloan, eta, zentzu horretan EBri eskatzen dio akordio hori indargabetu dezala.

-Nazioarteko etorkinei buruzko politika komuna defendatzen du, asiloaren eta Giza Eskubideen gainean arduratsua izango dena.

-Zeharo arbuiatzen ditu Batasuneko hainbat Estatuk mugak itxi izana eta errefuxiatu-esparruetan egindako atxiloketak.

-Bat egiten du “Pasabide Segurua” manifestuarekin, eta eskatzen die bai Europar Batasunari bai haren Estatu kideei korridore humanitarioak sor ditzatela, ahalbidetuko dutenak migratzaile eta errefuxiatuak Europara sartzea.

-Europar Batasunari eskatzen dio ahaleginak indartu ditzala desagertutako milaka ume errefuxiatuak aurkitze aldera.

-Espainiar Gobernuari exijitzen dio, ahalik eta azkarren, 15.000 pertsona jasotzeko bere konpromisoa, eta gogoratzen dio asilo-eskubidea unibertsala dela, jatorri-herrialdea edo penintsulara sartzeko bidea edozein direlarik ere.

-Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio inplikatutako Erakunde guztiekin elkarlanean jardun dadila, pertsona errefuxiatuek Euskadira iristeko aukera izan dezaten eta zerbitzu zein baliabide publiko guztietarako sarbidea izan dezaten, osoko harrera bermatuz.

-Aitortu eta eskertu egiten du GKEk eta gizarte zibilak egindako aparteko lana pertsona errefuxiatuen eskubideen defentsan, bai maila lokalean bai hainbat errefuxiatu-eremutan.

-Legebiltzarrak legebiltzar-taldearteko bat berehala sortzea onartzen du, pertsona migratzaileen eta errefuxiatuen eskubideen defentsarako, datozen legealdietan ere jarraipena izango duena, sortutako beste taldearteko batzuekin geratzen den bezalaxe.

-Ebazpen hau igorriko die Europako Batzordeari eta parlamentuari, Espainiako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.

 

Durangoko EAJ, EH Bildu, Herriaren Eskubidea, PSE-EE eta PP.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!