Gaur Santa Anan batu dira gazteak, egitaraua aurkeztu eta jaialdirako ardurak banatzeko. "Sorginolaren urteurrena ospatzeko eta bigarren urte hau gogoz hasteko jaia" izango da. Prentsara bidalitako oharrean, iazko ekainaren 27an lortutakoa gogoratu dute, "abandonaturik zeuden bulego zaharrak gazteontzako espazio bizi bihurtu" zituztela diote. Geroztik, gaztetxean hainbat berbaldi, tailer eta kontzertu antolatu dituzte auzolanean.
Ekintza ugari iragarri dituzte. Besteak beste, hilaren 24an txupinazoa botako dute 18:00etan, eta gero antzerkiaren txanda etorriko da. 25ean, Tabirako jaietako marmitakoagaz bat egingo dute, eta gauez kontzertuak eskainiko dituzte: Kohatu, Monkday, Aneguria eta Djak. 26an abentura jolasak egongo dira, eta 27an, gazte bazkaria.