Lagun baten bidez jo zuten berarengana despedidakoek. Hara joan eta sorpresa berri bat hartu zuen. Izan ere, katerina rafting esperientzia baten erdian landu behar zuen. Azkenean, hala ere, asteburu osoan zehar gozatu zuten 21 estatubatuarrek Uriberen sukaldaritza; barbakoa, gosaria, afaria... Jateko guztia han topatu zuen, kalitatezkoa: “San Francisco inguruan jatekoari garrantzia ematen diote, kilometro 0 edo slow food ildoei jarraituta”.
Egun garrantzitsuan, zapatuan, raftinga egin zuten Yosemiten. Gero, erreka bazterrean prestatu zuten jatekoa. Hogei bat plater eskaini zizkien Uribek: txangurrua, kroketak, pikillo piper beteak, txipiroiak, bakailaoa... Edateko, txakolina, sagardoa, ardoa... “Kalimotxo fresko-fresko bat ere egin nuen porroian, eta arrakasta itzela eduki zuen”. Menu guztiak egiteak lan handia eman zion sukaldariari, baina jendeagaz eta inguruneagaz disfrutatu zuen. “Kalean egin genuen lo, zakuetan, mila izarreko hotelean”.