Gorka Fraileri etxera gerturatzea ukatu dio Auzitegi Nazionalak

Anboto 2016ko eka. 13a, 13:21

Gorka Fraile eta gainerako preso gaixoen alde egindako mobilizazio bat.

Etxeratek eman du jakitera albistea. Epaile batek boto partikularra eman du, Fraileren eskubideak defendatuz.

Frailek iazko martxoan eskatu zuen etxera hurreratzea, eta Kartzela Erakundeek zein Espetxe Zaintzako Epaitegiak ezetza eman zioten. Auzitegi Nazionalean errekurtsoa ipini zuten bere abokatuek, baina epaitegi horretan ere iritzi bera dute. Epaileek esan dute Fraileren osasun eskubidea ez dagoela urratuta, besteak beste, errebisio batzuk programatuta dituela esanda. Epaile eta agintarien jarrera salatu du Etxeratek: "Euskal preso politikoei eskaera eta jarrera indibidualizatuak exijitzen zaizkien bitartean, eskubideak urratzen dituen kartzela politika baten menpean daude era sistematiko eta orokorrean".

Fraileri mingaineko minbizia topatu zioten iaz. Ebakuntza egin, eta urtebetera egin diote azterketa berria, maiatzean; ondo dagoela ondorioztatu zuten emaitzek, baina guztiz sendatuta egotea ezin dela aurreikusi azaldu zuten senideek, horrelako gaitzetan 5 urteko epea behar izaten delako alta hartzeko.

Ebakuntza egin ziotenean poliziaren "tratu txarra" salatu zuen Frailek, eta maiatzeko azterketa esku-burdinekin egiteko medikuaren agindua ere bai.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!