Durangoko Alde Zaharreko lurra "labainkorra eta arriskutsua" dela diote auzotarrek

Anboto 2016ko eka. 13a, 10:20

DAZ elkarteak bere inkestaren emaitzen bigarren txostena kaleratu du, eta lurraren eta karkaben egoera aztertu ditu batez ere.

Auzotarren iritzia kontuan hartuta, Alde Zaharreko lurra "labainkorra eta arriskutsua" dela esan du DAZek, eta horren erruz, jende ugari labanduta jausi egiten dela. "Zorua labainkorra dela errealitatea da, eta gero eta gehiago; segurtasun falta hori etengabeko mehatxua da herritarrontzat". Horren aurrean, udalari azterketa tekniko bat egitea eskatu dio, eta arazoari "soluzio osoa" ematea. Izan ere, udalak behin baino gehiagotan egin ditu zoru labainkorra konpontzeko obrak.

Bestalde, karkaben inguruan, "gutxi batzuen onurarako" izatea kritikatu du elkarteak, eta taberna askok biltegi lez erabiltzea ez du begi onez ikusi. Leku publikoak direnez, erabilera publikokoak izateko esfortzua egiteko beharra azaleratu du DAZek, baita larrialdi egoeretan sartu-irtenak errazteko beharra ere.

Udaletik, erantzunik ez
Inkestaren ondorioz eginiko bigarren txostena da honakoa, eta hirugarren bat falta da oraindik. Lehenengo txostenari dagokionez, "udaleko ordezkari batek ere" ez duela erantzunik eman ohartarazi du elkarteak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!